ERREPORTAJEAK

Pello Otxandiano

EH Bilduko programa arduraduna

Euskal hezkuntzagintza fase berrirantz?

2023-06-13
ES    FR

Azken hilabete luzeetan euskal hezkuntzaren gaineko eztabaida soziala bizi-bizi dabil. Nagusiki, mendebaldeko hiru probintzietan, hezkuntza legea dela medio, eta Ipar Euskal Herrian, euskaraz ikasteko trabei eman zaien erantzun herritarra dela eta. Ortzi muga nazionala proiektatzen duen neurrian, egun Autonomia Erkidegoan garatzen ari den eztabaida prozesuak irismen estrategikoa du euskal hezkuntzagintzaren bilakaera historikoan, nahiz eta hiru herrialdeez ari garen. Eztabaida horren muina jorratzen saiatuko gara artikulu honetan.


Argazkiak. FOKU

 

Azken hilabete luzeetan euskal hezkuntzaren gaineko eztabaida soziala bizi-bizi dabil. Nagusiki, mendebaldeko hiru probintzietan, hezkuntza legea dela medio, eta Ipar Euskal Herrian, euskaraz ikasteko trabei eman zaien erantzun herritarra dela eta. Ortzi muga nazionala proiektatzen duen neurrian, egun Autonomia Erkidegoan garatzen ari den eztabaida prozesuak irismen estrategikoa du euskal hezkuntzagintzaren bilakaera historikoan, nahiz eta hiru herrialdeez ari garen. Eztabaida horren muina jorratzen saiatuko gara artikulu honetan.

Zer dago jokoan? Labur esanda: konfluentziaren (edo bat-egitearen) hipotesi estrategikoa instituzionalizatzea. Zeri deritzogu konfluentzia? Hezkuntza tradizio ezberdinen arteko bat egiteari, beti ere irizpide publikoen baitan eta ikuspegi nazionalez; eta horren bidez, euskal hezkuntzagintzaren fase berri bat erditzeari.

Konfluentziari buruz dihardugunean, funtsean, ikastolen mugimenduaren eta eskola publikoaren artekoaz ari gara. Nolabait adieraztearren, eta gauzak asko sinplifikatuz, ikastolen gaitasun autoeratzailea eta eskola publikoaren sen berdinzalea uztartu nahi dira, bakoitzetik onena hartzeko. Hori ez da gaurko kontua, duela 40 urtekoa baizik. Merezi du irakurtzea 1992. urtean Herri Batasunak Buesaren legeari aurkezturiko osoko zuzenketa proposamena, ikusteko zein zen garai hartan ezker abertzaleak ofizialki defendatu zuen posizioa eta zein ziren posizio horri eusteko baliatu zituen argudioak, eta erakusteko gaur egungo ezker abertzalearen argudioak zein gertu dauden.

 

«Autonomia Erkidegoan garatzen ari den eztabaida prozesuak irismen estrategikoa du euskal hezkuntzagintzaren bilakaera historikoan»

 

Honela zioen HBk orduko hartan: “Hezkuntza sistemak ez-unibertsitateko irakaskuntza antolatzeko bere esparru orokorraz jabetu behar du, Ikastola eta eskola transferituen konfluentziaren ondorioz, ekimen sozial eta pribatuko gainontzeko eskolekin era harmoniko eta orekatuan ihardun ahal izateko moduz. Aukera honek, bi sareak tajutzeaz gain, eskola plangintzaren baitan elkar-erlazioa eta elkar-osagarritasuna bilatzea, eskola-mapa gauzatzea, irakaskuntza euskalduntzeko proiektu sendoa eta hezkuntz beharrizanen araberako finantzaketa-sistema eskatzen du”. Aurrerago, honela dio: "Gaurko Euskal Herriaren beharrizanak, ezinbestekoa dugun eskolaren berrikuntza eta hainbat herri sektorek plazaratu duten eskola ereduak 'publikoa' den ezaugarrien birdefinizioa eskatzen du".

Harrigarria da (edo ez hainbeste), baina puntu berean gaude 30 urteren ondoren. Horrek bi gauza adieraz ditzake: ez dakigula eboluzionatzen, hots, zurrunak garela eta garaian garaiko analisiak egiteko gaitasuna falta zaigula; edo, bestela, gure intuizioetan oso barneratua dugula ezin dugula gure herri eraikuntza osoki utzi egungo instituzio publikoen esku. Bestela esanda: herrigintzarik gabeko estatugintzak ez gaituela oso urruti eramango. Izan ere, gaurko instituzio autonomikoak egitura subalternoak dira, menpekoak, eta bi nazio-estatu oso ahaltsu dauzkagu gainean, gure hizkuntza eta kultura (gure nazio izaera) are gehiago zokoratzeko eginahalak eta bi egiteko prest. Herri eraikuntza, izatekotan, prozesu soziala izango da, eta euskalduntze prozesuan gure esperantzak Eusko Jaurlaritzaren baitan soilik jartzea inozokeria litzatekeen bezala, berdin hezkuntzagintzan ere. Hala da proiektu nazional eraldatzaile bat baldin badaukagu buruan behinik behin.

 

Argazkia. FOKU

 

Beraz, publikotasunaren gaineko eztabaidak, naziotasunaren erreprodukzioari dagokionez, gure herri eraikuntzaren zuntz inportanteak ukitzen ditu, eta, hori jakinik, nahiz hamarraldiak pasatu eta estrategia politikoak aldatu, gure intuizio estrategikoak berdintsu mantendu dira.

Hain zuzen ere, 80ko hamarraldian eztabaida horixe bera izan zen. Bi posizio antagoniko egon ziren orduko hartan: batetik, euskal hezkuntza sistema Ikastolen sarea oinarri hartuz eraiki behar zela defendatzen zutenak, eta, bestetik, euskal hezkuntza sistema hori eskola transferituek (administrazio autonomiko berriari transferituek) osatzen zuten sarea garatzetik etorri behar zela ziotenak. Bien arteko sintesi saiakerak egon ziren arren, formulazio ezberdinak tarteko (HBren osoko zuzenketa proposamena horren adierazgarri), konfluentziaren hipotesiak porrot egin zuen eta PNVk libre utzi zion bidea Buesari eskola publikoaren legea egiteko.

30 urteren ondoren, lehen aldiz gure historia modernoan, konfluentziaren bidea hartzeko aukeraren aurrean gaude. Jauzi bat egiteko aukeraren aurrean. Eta nola irudikatzen dugu jauzia? Sistema osoa eraldatzeko garaia dela deritzogu, ez sare bakoitzaren autoerreferentzialtasunean sakontzekoa. Izan ere, jauzia egiteko unea da, ez erresistitzekoa. Egiten ari garena behin eta berriro berdin eginez ez dugu aurrera egingo. Halaber, uste dugu orain dela une egokia, Autonomia Erkidegoko hiru herrialdeen mugak gaindituz, Euskal Herri mailan oraingo sareez gaindiko euskal lankidetzan sakontzeko eta sare egitura trinko eta iraunkorra sortzeko.

 

«Maila lokalean zein nazionalean, norabide partekatu baten aldeko indar sozialen aktibazioa beharko da, hori gabe lege batek ez baititu gauzak gehiegi aldatuko»

 

EH Bilduk hiru fase proiektatzen ditu Euskal Eskola Publiko Burujabera iritsi bitartean. EAEko Hezkuntza Lege berriak lehen fasean utziko gintuzke: euskal hezkuntza zerbitzua osatu eta egonkortuta. Hortik aurrera jarraitzeko, gehiengo sozial eta politiko berriak beharko lirateke, eta baita gaur egun ez dugun burujabetza politikoa ere. Baina bigarren fasearen aukera irekitzeko ezinbestekoa da konfluentziaren lehen estadioa eraikitzea. Behar-beharrezkoa zaigu azken hiru hamarraldietako barne gatazka gainditzea eta ezinbestekoa da hezkuntza sistemaren errotiko eraldaketa, parez pare dauzkagun erronkei aurre egin ahal izateko.

Uste dugu badaudela jauzi horretarako indar harremanak, baina herri estrategiarik gabe ez da posible izango. Maila lokalean zein nazionalean, norabide partekatu baten aldeko indar sozialen aktibazioa beharko da, hori gabe lege batek ez baititu gauzak gehiegi aldatuko.

 


Artikulu honetan jasotako ideiak zabalago landu nituen Arrasateko 2023-05-08ko hitzaldian: HEMEN