ELKARRIZKETAK

ERRIA

AIZPEA OTAEGI MITXELENA

"Zenbat eta herrigintza tenkatzaileagoa, orduan eta politika hobeak"

2020-07-29

2019ko ekainetik da Aizpea Otaegi Mitxelena Errenteria/Oreretako alkatea. Julen Mendozari hartu dio lekukoa, zortzi urteko ibilbide aberatsari jarraipena emateko asmotan. EH Bilduren udalgintza egiteko moduan, erreparatzeko moduko eredua ezarri du Errenteria/Oreretak, udalgintza herrigilea garatzeko funtsezko gakoak emanez. Udala eta herri eragileak hartu emanean, ez beti erraz, bakoitza dagokion arduratik, posible denaren mugak zabaltzeko xedearekin, herritarrek orain dituzten beharrak asetuz. BeƱat Irasuegik gertutik jarraitu du bederatzi urte hauetako ibilbidea. Hau, beraz, sakoneko ezagutzatik egindako bi kideren arteko elkarrizketa da.



Argazkiak / FOKU

 

Orereta/Errenteria bezalako herri konplexu batean alkategai izateko eskaintza onartu zenuen. Aurretik zortzi urteko eraldaketa prozesu batean zegoen udalerria. Zergatik eman zenuen baiezkoa?

Bi arrazoi nagusi egon ziren. Alde batetik, aitortza bat egon zen; nirea bezalako profil bat, ezker abertzaleari modu hertsian lotuta ez dagoena, nahiz eta inguruko pertsona bat izan nintekeen, intzidentzia politikoan, edo harreman afektibo-sozialetan. Ez daukat profil klasiko bat. Nirea bezalako profil batekin baiezkoa ematea iruditzen zitzaidan bazela babes handi bat ematea, zortzi urteetako lanari jarraipena emateko. Uste dut bazegokidala ardura hori; ez hainbeste neuri, baizik eta nirea bezalako profil bati. Beste argudioa erantzukizunez bizi izan nuen: emakume bezala, baietz esatea tokatzen dela, bestela aldarrikatzen dugun hori lortzea oso zaila delako. Emakumeak erabakitzeko tokietan egotea, politika egiteko beste modu batzuk aurrera eramatea, agenda feminista txertatzea eta emakumeei ikusgarritasuna ematea.

 

Erabakia plano instituzionalera pasatzea zen, baina herrian egindako eraldaketarako bidean lotura izan duzu, batzuetan argiagoa, bestetan zeharkakoagoa. Zein izan da zure parte hartzea herrigintzan eta nola ikusi duzu, bertatik, egindako bidea? Agian bide hori asko lotzen da udalgintzarekin...

Oso lotuta eta oso konprometituta sentitu naiz eraldaketa bide horrekin, baina ez sigla batzuetatik, baizik eta esparru jakinetatik. Instituzioaren eta komunitatearen arteko lankidetzak duen potentzialitatean asko sinisten dut, komunitatea zeren baitan artikulatzen den da gakoa. Sentsazioa da —oraindik ere badut— gure herrian behintzat oso ezberdina dela EH Bilduko militantzian egon eta herri-gintzan egotea. EH Bilduren militantziak instituzioekiko  D1 ERRIA 5 2020/7 6 9 duen distantzia handiagoa da herrigintzakoek —siglaz gaindikoek— dutena baino. Iruditzen zait kokreazioa eta lankidetza handiagoa dela arloz arloka sortuta dauden harremanetan, EH Bildurekin berarekin baino. Kuriosoa den disonantzia bat dirudi —eta agian horrela behar du—. Sentitu dut, zortzi urte horietan, parte hartu dudan esparruetan, udal-politiketan eragiteko ahalmena handiago izan dudala, aukerak zeudelako eta eragiteko espazioak zabaltzen zirelako. Orain, alkatetzatik, EH Bildurekiko harremanean, sentsazio hori berresten dut, ez dagoela halako kokreaziorik. Parte-hartzea oso egituratuta egotearen ondorio izan daiteke eta beraz, hala denean, birpentsatu beharra dago zein espazio eta zein toki eman siglen baitako militantziari.

 

Bideetako bat izan al daiteke EH Bildu bera herrigintzen logikan gehiago sartzea? Hau da, alderdien jokoan bainoago, herriak dituen beharretan indarra jartzea.

Ikusi behar da jendeak bere identitateak eraikitzeko zer behar duen. Batzuek behar dute lotura hori, siglei lotutakoa, eta espazio bat non aitortuko zaizun identitate hori. Beste batzuengan, aldiz, siglei lotutako identitateak pisu txikiagoa du, eta herrigintzaren logikan hobeto mugitzen dira, hortik eraikitzen duten eurena. Bigarrena, seguru aski, lotuago dago egungo logikekin, mugikortasuna erraz dezake. EH Bilduk ezkerreko logiken hezurdura edo artikulazioa izan beharko luke. Beste kontu bat da hori nola egiten den.Identitateena aipatu duzunez, gogoratu naiz Herri Bizia dinamikarekin. Prozesu klabeetako bat izan da Orereta/Errenteriarekin atxikimendu berri bat sortzea.

 

Identitate eraketa horri zein garrantzia ematen diozu? Jarraitu behar al du prozesuak?

Komunitate baten parte izatearen pertenentzia sentimenduak sekulako indarra dauka. Horrek ahalbidetuko du zuk momentu batean konpromiso bat hartzea, behar baten aurrean urrats bat aurrera egitea. Pertenentzia hori klabea da. Zuk ez baduzu loturarik inguratzen zaituen jendearekin, zure interesen arabera bakarrik mugituko zara, ez kolektiboan. Pertenentzia hori lantzen ez baldin bada, berez oso hauskorra den ehuna puska daiteke. Pertenentzia, harrotasuna, identifikazioa... bakoitzak duen lotura hori izan behar du, komunitate batekin. Hori nola eraikitzen den zaila da. Herri guztiek nahiko lukete pertenentzia hori landu ahal izatea. Jendeari aukera eman behar zaio parte hartzeko, bere iniziatibak aurkezteko, erantzule eginaraztea... Herri honen alde zerbait egin nahi duzula? Badaukazu aukera: egin proposamena eta hortik tiraka saiatuko gara eraikitzen. Instituzioak baliabideak jarriko ditu, baina esan iezadazu zer garatuko zenukeen, zer egin dezakegun elkarrekin. Niretzako, politika egiteko moduetan klabea da, eta da pertenentzia eta lotura sortzeko modu oso potentea. Adibide bat izan daiteke Orereta/Errenterian zaintza komunitarioko sarea nola osatu dugun. Zerk eraman ditu 500 pertsona bertan izena ematera? Badaukate bestearekiko sentsibilitatea, sentitzen dute elkartasuna, baina, horrez gain, sentitzen direla komunitate bati eusteko nahiarekin eta aukera zabaltzen denean heldu egiten zaio eskaintzari.

 

Orube bat sortzen da ekarpen indibiduala kolektibo bihurtzeko.

Bai. Eta, gainera, hori ongi ateratzen dela ikustean, norbera sentitzen da lorpen kolektibo baten partaide eta horrek berak, dinamika hori elikatzen du. Mertxe Aizpuruak Madrilgo Kongresuan Errenteria aipatu zuenean jende asko sentitu zen harro egindako lanaz. COVID-19ak eraginda, azken asteetan ohi baino harreman txikiagoa izan dut herritarrekin, baina hainbatekin egon naiz. Askok esan didate oso harro sentitu direla Errenteriaren izena entzutearekin. Pertenentzia horretan gainera, herriari buruzko errelatoa aldatu da. Eta errelato positibo batean zure burua kokatzea errazagoa da, asebetetzen zaitu. Biak ala biak asko landu dira azken urteetan egindako bidean.

 

Harago joanda, Orereta/Errenteria Gipuzkoako herri pobretuenetakoa da, baina komunitate kohesioa oso indartsua du, eta adibide kontrahegemonikoa erakusten die indibidualizazio prozesuei, autoritarismoei galga jarriz.

Pertsonak erdigunean jartzea eta kolektibotasun, komunitate baten parte izateko aukera izatea horiek dira heldulekurik handienak. Jendeak beldur handia dio ziurgabetasunari; eta guk konfiantza erein behar dugu. Gurasoen belaunalditik gurera aldaketa handia dago, eta guretik hurrengora, sekulako saltoa.

 

Kohesiorako komunitate harremanez gain, baliabide materialak ere garrantzitsuak dira, uztartu behar direnak biak. Hor ere badago lan bat. Antipolitika eta autoritarismoari aurre egiteko nola bilatu behar da bien arteko oreka? Udalak eman behar al du ziurtasun materiala eta herrigintzak gehiago harremanei lotutakoa?

Estrategia bikoitza izan daiteke. Instituzioek sustatu dezakete komunitatea, baina herritarrek ere eraikitzen dute komunitatea eguneroko bizitzan. Krisi honetan sustatu ditugu komunitatea indartzeko hainbat ekimen, baina jende asko bere kasa, bere ekimenez aritu da : elkarren zaintzan mila keinu egon dira, batzuk antolatuak besteak ez, batzuk instituzioak eraginda eta beste batzuk herri-ekimenez garatu direnak. Komunitatea lantzeko modua ez da bakarra, nahiz eta nabarmen, udalak ardura handia duen giro bat, balio-marko bat, logika bat eragiten. Alde materialari dagokienez, instituzioek duten ardura saihe-tsezina da, besteak beste, ziurgabetasun materiala oso lotuta dagoelako oinarrizko eskubideekin. Baina baliabide materialen atalean badago beste eremu bat ere garrantzitsua dena, hain juxtu, baldintzak sortzea herritarrek baliabide horiek euren kasa izan ditzaten. Ahalduntzea eta autoeraketa eremu horretan ere, eremu sozio-ekonomikoan, garrantzitsua da.

 

Sortutako ‘bide eder hau’, neurri batean, ahula da, edozein gauza hasi berri bezala. Kezkatzen al zaitu COVID-19ak azeleratu duen krisiak prozesuan eragina izango duen?

Ez du zertan. Bi hilabete hauek eman digute aukera erakusteko zein diren gure benetako lehentasunak. Egoera zenbat eta zailagoa izan, orduan eta garbiago izan behar da zer blindatu behar den, eta mezuak herritarrentzako askoz ere garbiagoak dira. Zeuden ezberdintasunak azaleratu, zaurgarritasunak ageriago jarri ditu egoerak. Aurrerantzean baliabide gutxiago egongo da, eta gure hautuak askoz garbiagoak izango dira, sustatu nahi dugun herri-ereduari dagokionez. Aukera bat izan daiteke, eredu-talka esplizitatzeko. Horrek ez du esan nahi egoera okerragotan hobeto gaudenik, baizik eta txarrenari onena atera behar diogula.

 

Zein da, modu sinple batean azalduta, Orereta/Errenteriako ereduaren muina?

Hemen bizi garenak komunitate bakarra osatzen dugula abiapuntu gisa hartuta, pertsonen beharrak erdigunean jartzea, eta agerian gelditzen zaizkigun ezberdintasun horietan guztietan esku-hartzea. Gutxien dutenentzako edo zailen dutenentzako politikak eraikitzea da guztion ongizatea, haiei begira lan egitea.Beste muinetako bat da politika horiek egiteko modua, herritarrekin lan egitea. Eta hirugarren bat, nahi baldin bada, transbertsalitate politikoan adostasunak lortzea, ahal baldin bada.

 

 

Batzuetan, herrigintzatik zerbait esaten da eta udalgintzak erantzuten du ezin dela, muga administratiboak daudelako. Muga horiek gainditzeko zein dinamika dialektiko izan beharko genituzke?

Hona iritsi baino lehen ere ez nituen batere gustuko ‘hori ezin da egin’ edo ‘hori ez dugu inoiz egin’ esaldiak. Uste dut herrigintzak gu tentsionatu behar gaituela, instituzioan gaudenontzako sekulako tresna da. Zenbat eta herrigintza tentsionatzaileago, orduan eta politika hobeak. Hori bai, ez dadila soka puskatu. Gauza asko lor daitezke udal barruan helburuak garbi ditugunean,eta parametro logikoetan kokatzeko gai garenean. Udal-barruko dialektika ere garrantzitsua da eta hor ere denbora inbertitu beharra dago.

 

Kontradikzioan eragin beharrean baino, aliantza estrategiko bat aldez aurretik egitea ez litzake hobea izango?

Herrian hamar bat kontseilu dauzkagu. Bakoitza mundu bat da, baina batzuk oso potenteak dira. Elkarlanerako diseinatutako gune horietan islatzen da tentsionamenduarena, eta gehienetan oso emankorra da. Eragileek presioa egiten dute, eta niri politikoki oso baliagarria zait gauzak aurrera ateratzeko. Konfrontazioa elkarlaneko logika batean eman daiteke, lehen esaten nuen bezala, elkarlanerako espazio hori guztiontzat oso garrantzitsua eta emankorra bada eta soka puskatu nahi ez badugu.  Berdintasunerako Kontseilua, adibidez, niretzako eredugarria da. Berdintasunerako politiketan ibilbide polita egiten ari da, besteak beste, Kontseilua oso tresna eraginkorra delako. Gauza pila bat lortu ditu, eta ikusgarritasun handia lortu dute, sailak berak bakarrik egitea oso zaila liratekeena.

 

Etorkizunera begira jarriko gara. Alkateari pragmatismoa eskatzen zaio, baina utopiari buruz galdetuko dizut. Herritar guztien etorkizuna hobetu nahi izatea, eta bizi proiektuak egin nahi izatea, berdintasunean, izan daiteke alkate baten nahia eta eginbeharra. Marina Garcesen zalea zarenez, ‘posible denaren markoa’ haustearena nahitik beharrera pasatu al da?

Posible denaren markoa gainditzea badirudi iraultza egitea dela, baina askotan da ‘hori ez dugu inoiz egin’ esaldi horri iskin egin eta gure buruei galdetzea ea nola egingo dugun. Askotan, mila gauzek eraikitzen dutela errealitate berri bat. Eta esango nuke, ekimenak baino, logikak direla garrantzitsuak, egunero korsea apurtzea eta gure ekimen guztiak bide edo norabide bakar batean jartzea.

 

Normaltasun berria delakoari buruz hitz egiten da. Lehen zeuden injustizia, klase arrakala, ikusezintasunak eta abarrek bueltatzea nahi dute. ‘Arrarotasun berri’ bat eraikitzen saiatu beharko ginateke, markotik kanpo?

Zalantzarik gabe, eta ongi legoke horrela izendatzea ere! Izaeraz baikorra naiz, eta beti pentsatzen dut gauzek hobera egin behar dutela eta horretarako lan egin behar dugula. Ziurrenik, horregatik nago hemen ere [barreak]. Gero, gauzak ez dira hain errazak... Baina, dudarik gabe, krisi honek agerian jarri ditu eraiki dugun bizimoduaren mugak. Posible denaren kartzela apurtzea da ikustaraztea bestelakoak izan gaitezkeela, eta beste moduko kolektibitate bat egin daitekeela. Aldarrikatzen dut beste marko hori, eta horren alde lan egiten dugu egunero, nahiz eta egunerokoan, emaitzak ikustea zaila den. Eguneroko gauza txikiek osotasun potente bat eraiki dezaketela garbi izan behar dugu.

Bestalde, irudikatzeari berari ere balioa eman behar diogu, irudimenaren atzetik joango baikara gu.

 

Daukagun orube berrira bueltatua. Bagenekien zerbait bazetorrela, eta udaletan oso agerian zegoen. Aldaketa klimatikoarena, oso modu teorikoan ikusten genuen, baina honek jarri gaitu frogan. COVID-19a etorri da, eta krisiaren erpin faktorial bat da. Ziurgabetasunak autoritarismoari atea irekitzen dio, eta ziurgabetasun handia dator. Nola presta gaitezke aurre egiteko?

Orain arteko elementu klabeak eta azken asteetan giltzarri izan direnak oso garrantzitsuak izango dira etorkizunean ere: komunitatesena indartzea, ziurgabetasuaren aurreran konfiantza ereitea, zaurgarritasunak erdigunean jarri eta horiei erantzutea... harreman publiko-komunitarioa baliatuz, herri gisa ehun delika-tua izateko baino sare indartsu izateko lanean jarraitzea.

Lehen nahikoa argi ez bazegoen, orain nabarmenago geratu da gure bizimoduak ez direla jasangarriak eta gauza asko aldatu behar ditugula bizigarritasuna bermatzeko: ingurumenarekin dugun harremana, sistema produktiboaren eta erreproduk-tiboaren antolaketa, aisialdia ulertzeko modua, etab.

 

Erresilientzia handia beharko dugu, gainera. Krisiaren shocka etorri zenean ikusi genuen bezala, herritarren arteko elkarlanerako sareak trinkotzeko garaia ere badator. Ekonomikoki gaizki egon gaitezke, baina materiala den behar hori komunitatearekin landu beharko da.

Hori da eskema, artikulazio publiko-komunitarioa. Sortuko diren beharrei ahalik eta azkarren erantzun beharko diegu, ahalik eta modu eraginkorrenean eta estrategikoenean. Oso garrantzitsua da jendearekin egon eta entzutea.

 

700 urte bete dira Orereta/Errenteriak izaera juridikoa lortu zuenetik. Udaletik ‘etxeko lan’ bat jarri zeniguten herritarrei: komunitatea etorkizunean nola izango den irudikatzea. Zuk nola irudikatzen duzu hamar urte barru?

Ospakizunetarako bideorako nabarmendu nahi izan nuen hiribildu izendapenak bi gauza ahalbidetu zituela nagusiki. Alde batetik, harresi bat eraiki zela, bost ate zituena eta ate horien bidez mundu zabalarekin konektatuta egoteaz gainera, ate horiei eskerharrera herri izan garela. Beste aldetik, gutasuna eta komunitate gisa erabakiak hartzeko ahalmena aitortu zitzaizkigula. Bost atedun harresia eta eskumenak nabarmenduz, munduarekin harremanetan dagoen herria, bizilagun berriekin abegikorra dena eta komunitate bakar gisa bere etorkizunari buruzko erabakiak hartzen dituen jarri nahi izan nuen balioan.  Gure erronka da horri eustea; berrasmatu beharko da aldiro balio horiei eusten dien herria, garaiei egokituta, eta 700 urte barru esan dezatela gauza bera.

 

 

TWITTER