ELKARRIZKETAK

Maialen Arteaga Gonzalez

Ernaiko militantea

Elkarrizketatua: Irantzu Idoate Funosas. Xuti Gazte antolakundeko kidea

"Xuti Gaztek ilusioa berriz pizteko eta borroka batzuen lekukoa hartzeko indarrak biltzeko balio dit"

2022-07-01


Argazkiak. FOKU

 

Zer da Xuti Gazte?

Euskal Herrian errealitate oso ezberdinak dauden gisan, Ipar Euskal Herri mailan ere, eskualdearen arabera errealitate ezberdinak daude. Bizkaian eta Baxe Nafarroan egoera ezberdina izanen den bezala, Lapurdi eta Zuberoaren arteko ezberdintasunak nabariak dira. Horrez gain, Ipar Euskal Herrian mota anitzetako zapalkuntzak oso presente daude. Emakumeen aurkako erasoen bide beretik, eraso arrazistak biderkatzen dira, gazteen prekarietateak hor dirau, euskaldunon eskubideak ez dira bermatuak... Guzti horrengatik eta gehiagorengatik, zapalkuntza horien aurka borrokatzeko beharra sentitzen dugu, eta gazte gisa borroka horiei gure ekarpena egin nahi diegu.

 

Eta zergatik izen hori?

Gazteei zuzendatuko deia da. Denok batera lehen aipaturiko zapalkuntzen aitzinean xutitzeko deia. Mugimendua eta aktibazioa irudikatzen ditu Xuti Gaztek.

 

Gaur gaurkoz, nortzuk osatzen duzue?

Adin ezberdinetako gazteak biltzen gira, orotara 10 bat urteko tartea dago antolakundean. Momentuz oraindik ere gehienak lapurtarrak gara. Baina Ipar Euskal Herri osora zabaltzea da gure xede nagusietako bat, eta aurkezpenen eta egindako beste desmartxen bidez lurraldetasunean hedatzeko bidean gaude.

 

Martxoan egin zenuten aurkezpena Uztaritzen. Zein hausnarketa prozesuren ondorio da Xuti Gazte? Zein hutsunetik abiatuta sortu zenuten antolakundea?

Ikasturte honen hasieran talde bat biltzen hasi ginen, batzuk jadanik militante ziren, besteak ez, eta pixkanaka bide egiten hasi ginen. Egia da, Ipar Euskal Herrian ikasle eta gazte mugimendua badagoela, baina normalean lokala ala tematikoa izan ohi dena. Guk tresna orokor baten beharra somatzen genuen. Sorrerari dagokionez, lana izan da, eta beti izanen dela badakigu. Baina gorabeherak gorabehera eta prozesuak dituen zailtasun guztiak ezaguturik ere, tresna eraginkor bat sortu eta biziaraztea beti da polita.

 

Eta nola joan dira hilabete hauek? Zeintzuk izan dira eman dituzuen lehen pausoak?

Hilabete hauetan ikasketak euskaraz eta Ipar Euskal Herrian egiteko ezintasunaren inguruko kanpaina eraman dugu. Lorpen nabari bat izan da, Ipar Euskal Herrian goi-mailako ikasketekin dagoen egoera larria jakitera ematea, baita hori aldatzeko lehen pausoak ematea ere. Lortu dugu, izenpeduren bidez, gai horren inguruan indar bilketa bat egiten. Eta instituzioei eskatu diegu ikasleen atzerriratzea geldi dadin zerbait egin dezaten, ikasketetan euskarazko eskaintza zabal bat bermatuz.

 

Euskararen borroka da zuen lehen lerroak hartu dituen borroketako bat. Zergatik?

Ez da lehentasun kontu bat, naturalki hartutako bidea baizik. Izan ere, ikasturte bukaera euskararen problematika lantzeko momentu egokia zela iruditu zitzaigun. Alde batetik, azterketak euskaraz pasatzeko aldarria urtero presente delako Ipar Euskal Herrian garai horietan, eta era berean goimailako ikasketen aldarrikapena plazaratzeko testuinguru ona da. Gainera, azken asteetan Bordaleko inspekzioan egindako okupazioak agerian uzten du azterketak euskaraz egitearen aldeko aldarria borborrean dela Ipar Euskal Herrian, eta horri ere gazte ikuspegitik ekarpena egitea ezinbestekoa iruditzen zitzaigun.

 

 

“Ez gatoz ezer ordezkatzera, ez dugu erreferente bat, gure asmoa baita gazteen ahotsaeramateko tresna berria eta autonomoa sortzea” zenioten aurkezpen egunean. Bada erreferenterik gabe borroka bide bat egiterik? Nola?

Menturaz, kide bakoitzak izanen ditu bere erreferente propioak, hala ere, kolektiboki erreferente berriak sortzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Ez gara heldu inorren ondorengo izatera, baina kontziente gara gazte borroka betidaniko gauza dela; horregatik, gazte borroka den tresna orokor hau gure garaira eta gure moldeetara egokitu nahi dugu, behar bezala, modu ahalik eta bateratzaileenean aitzina egiteko.

 

“Borroka gure tresnekin, eta gure garaiko gaiei buruz egin nahi dugu” ere aipatzen zenuten. Zeintzuk dira zuen belaunaldiko gazte baten borroka tresna horiek? Eta zeintzuk gazte belaunaldia zeharkatzen dituen gaiak?

Biltzen hasi ginenean, agerian gelditu zitzaigun gutako anitzentzat feminismoa zela kontzientzia politikoa pizteko bideetako bat, jende anitz ukitzen zuena. Bestalde, ohartu ginen ere, gaur egun sare sozialak ezinbesteko tresna direla gazteengana iristeko. Horrekin ez dugu erran nahi feminismoaren inguruan soilik ariko girela, eta sare sozialak baizik ez ditugula erabiliko; baina, gure belaunaldiaren adierazle bat da, lehen aipatutako xutitze horren forma bat. Bestalde, Bidasoa inguruan etorkinekin gertatzen denak, baita egunerokoan pertsona arrazializatuek bizi dutenaz oso kontziente eta haserre da gure belaunaldia, eta etorkizunean landu nahi dugun gaia da hau ere. Etxebizitza bat lortzeko ezintasuna, LGBTIQ+ komunitateak bizi duen bortizkeria eta beste hainbat gairen antzera. Modua aurkitu nahi dugu karrikan borrokatzeko prest den jendea eta beste molde batzuetan haien ekarpena egin nahi duten gazteak batzeko, baita engaiamendu maila ezberdinak ongi uztartzeko ere.

 

Kideetako bakoitzak taldeari eskaintzen dion bezala, taldeak ere eskaintzen dio kide bakoitzari zerbait. Zer eskaintzen dizu zuri Xuti Gazteren parte izateak?

Talde baten parte sentitzea, eta azken honen babesa sustengua jasotzea beti da goxo eta lagungarri. Bestalde, erranen nuke Xuti Gaztek balio didala ilusioa berriz pizteko, eta indarrak biltzeko borroka batzuen lekukoa hartzeko.

 

 

TWITTER