ELKARRIZKETAK

ERRIA

GARBIÑE ARANBURU IRAZUSTA

"Ikuspegi eraldatzailetik, politika publikoak aldatzeko eta horretan eragiteko bokazioa izan behar dugu"

2020-09-03

2020ko urtarrilaren 30ean Euskal Herrian greba orokorra egin genuen, zortzi urteren ostean. Aurrekoetan ez bezala, ez zen erreformen kontra egindako mobilizazioa izan. Pentsiodunen mugimenduak eta mugimendu feministak bildutako indarra kapitalizatuz, prekarietatearen kontrako eta burujabetzaren aldeko artikulazio zabala gauzatu zen, klabe ofentsiboan borroka fase berri bat iragarriz. Ondoren, Zaldibarko krisia eta koronabirusaren krisia etorri dira. Garbiñe Aranburu Irazusta LAB sindikatuko idazkari nagusiak lan mundua zertan den eta krisi berri honi aurre nola egin beharko zaion azaldu digu.


Argazkiak / FOKU

 

Hitz baten nola definituko zenuke koronabirusa lan arloan uzten ari den panorama?

Latza.

 

Krisi hau beste era batera kudeatu zitekeen?

Bai. Krisi hau krisi sistemiko baten baitan gertatu da. Aurretik ere sistema kapitalista heteropatriarkal eta ekozida honen mugak begi bistakoak ziren. Euskal Herrian, gainera, greba orokor batetik gentozen, kapitalaren eta bizitzaren arteko eredu talka horretan, borroka klabe ofentsiboan jartzeko ahaleginetik. Horretan ginela iritsi da pandemia egoera.

Konfinamendua elite enpresarialen eta kapitalaren neurrira eraiki da. Kapitala/bizitza ereduen arteko talka ageriago geratu da. Sindikatutik hasieratik bereizi ditugu zein diren konfinamenduan bizitzari eusteko oinarrizko lanak eta zein ez. Garbi zegoen hasierako momentu hartan lehentasuna koronabirusaren hedapenari mugak jartzea zela. Baina horretarako beharrezkoa zen oinarrizko lan horietan beharrezko babes neurriekin lan egin ahal izatea. Aldiz, ikusi dugu egoera batzuetan hori ez dela horrela izan. Osasungintzan, adineko egoitzetan, supermerkatuetan, anbulantzietan... langileek ez dituzte behar bezalako babes-neurriak izan. Birusaren hedapenean mugak jartzea zaildu du horrek, beraien lan osasuna arriskuan jarriz eta artatzen dituzten pertsonen osasuna ere arriskuan jarriz.

Jarduera horiek etetea eskatu izan dugu hasieratik baina beranduegi iritsi zen Madrilgo Gobernuaren aldetik, eta gutxiegi iraun du. Gainera EAEn nabarmen ikusi dugu nolako tandema osatzen duten EAJren Gobernuak eta patronalak. Nafarroan Maria Chiviteren Gobernuaren jarrera ere antzerakoa izan da.

 

“Herrialde baten aberastasuna edo bilakaera ekonomikoa aztertzerakoan beste parametro batzuk erabiltzea beharrezkoa da”

 

Krisi hau Estatuaren zentralizazioan urratsak emateko baliatu da hasieratik. Alarma egoera ezarri zenean Urkulluk esan zuen ez zituela hamar segundu ere gastatuko hori kritikatzen. Baina aldiz enpresarien gustukoa ez den neurri bat etorri denean, hamar segundu baino dezente gehiago pasa ditu Madrilgo erabakiak kritikatzen eta baita kudeaketa batzuk egiten ere erabaki hori baldintzatzeko.

Bestalde, krisi honen ondorio ekonomiko eta sozialak jada ikusten hasi gara. Eta agerian utzi du aurretik eraiki den eredu ekonomiko eta sozial horren hauskortasuna. Bereziki sistema publikoan, osasungintzan eta zaintzen arloan izandako pribatizazio- eta merkantilizazio-politiken, murrizketa-politiken eragina ikusi da. Lan mundua zein hauskorra den ere ikusi da. Dualizazioak enplegu-suntsiketa oso azkarra ekarri du.

 

2008ko krisiaz geroztik, Eusko Jaurlaritzaren alderaketa beti izan da hemen Espainian baino hobeto gaudela. Nafarroan UPNk garesti ordaindu zuen krisi ekonomikoaren kudeaketa eta ustelkeria. LABek urte hauetan guztietan zerbitzu publikoetan eman diren murrizketak salatu ditu eta, lan eta erretreten erreformak bertan behera uztea eskatu du. Erabaki horien faktura koronabirusak kobratu digu?

80ko hamarkadatik hona ari gara bizitzen erreforma eta murrizketak inposatu dituen oldarraldi neoliberal bat. Bai estatuetatik, baina baita bertako gobernuetatik ere. 2008ko krisia aitzakia perfektua izan da austerizidioaren bide horretan sakontzeko.

Testuinguru horretan eman dira zerbitzu publikoen murrizketak, pribatizazioak eta merkantilizazioa: lan-harremanetan sekulako prekarietatea bi lan erreformen bidez, sindikalgintzaren kontrako eraso bat, negoziazio kolektiborako eskubidea guztiz mugatuz eta estatalizazioaren aldeko apustua.

Emakumeon kasuan lan guztien aitortzarik edo zaintza lanen aitortzarik eza erantsi behar da. Beti egon da sexuaren araberako lan-banaketa hori eta emakumeak lan-mundura inkorporatu dira balio sozial, ekonomiko eta politiko gutxiago ematen zaien lanetara, horrek dakarren prekarietatearekin eta soldata arrakalarekin.

Neurri batean, krisi honek ere balio izan du hainbat sinesmen neoliberal erortzeko. Nabarmena izan da estatu propio bat izatearen garrantzia eta beharra. Ikusi da sektore publiko indartsu bat izatearen garrantzia; merkatuari autoerregulatzen utzi behar zaionaren mitoa erori da. Alde horretatik, aukera berri batzuk irekitzen ari zaizkigu. Guk ez dugu aurreko normaltasuna berreraiki nahi. Normaltasuna ezin da izan indarrean dagoen sistema hau berreraikitzea, baizik eta bizitza erdigunean jarriko duen sistema berri bat eraikitzea.

 

“Telelanaren gorakadarekin prekarizaziorako ate berri bat ireki daiteke, eta gainera berriro ere emakumeak izango dira kaltetuenak”

 

Euskal Herriak duen bereizgarria da jendartea antolatua duela, gehiengo sindikal eta sozial bat dago kontrabotereko sindikatu abertzaleetan edota mugimendu sozial desberdinetan (mugimendu feminista, pentsionistak, gazteak...) antolatuta eta instituzioetan indartzen ari den ezker soberanismo indartsua dugu.

Galderan ongi esan duzun bezala, garesti ordaindu zuen UPNk. Aldaketa posible zela sinetsiz kalean eginiko borrokak, intituzioetan ere aldaketak ekarri zituelako.

 

Ipar Euskal Herrian ere krisi honen eragina nabaria izateaz gain, Elkargoak lan-harremanen gaineko eskuduntzarik ez izateak erakutsi du Parisko eredu zentralistarekiko erabateko menpekotasuna. Bertan negoziatzeko eta erabakitzeko dinamikak are zentzu handiagoa du?

Ipar Euskal Herrian zentralizazioa erabatekoa da eta azken urte hauetan Garapen Kontseiluaren baitan, sindikatutik negoziazio kolektiborako marko propio bat eraikitzeko proposamen ezberdinak garatzen ari gara. Euskal Elkargoaren sorrerak laguntzen du aldarrikapen horretan urratsak ematen. Egia da orain sortu den krisi berri honek egiten ari ginena berraztertzera behartuko gaituela, baina marko propioaren aldarrikapena indartuko dugu, ze Ipar Euskal Herrian hitzarmenak eta lan baldintza guztiak Paristik ezartzen dira eta ez daukagu inolako markorik eraikita langileen lan-baldintzak negoziatzeko.

 

Negozioen bila, kanpora begirako produkzioa duen ekonomia bultzatu da politika publikoen laguntzaz eta baita kanpo hornitzaileak dituen ekonomia ere. Krisi honek dependentzia hori agerian utzi du. Halaber, ikusi da bizitzarentzako eta emergentzia honetarako beharrezkoak diren produktuak ez ditugula ekoizten, ez garela burujabeak. Behar horietara bideratutako sektoreak bultzatu behar dira politika publikoen bidez? Sektore publiko berri bat edo sektore publiko-kooperatibo berria?

Garapen ereduari buruzko gogoeta sakona egin behar da. Krisi honek agerian utzi duen beste kontuetako bat ekonomia globalizatuaren aldeko apustu horren mugak dira. Ekonomia lokala sustatu behar da eta herrialde batek dauzkan beharrizanak asetzeko besteko burujabea izan behar du.

Globalizazioaren aldeko apustuak sistema kapitalistaren metaketa estrategiari erantzuten dio, gastuen merketzean oinarritzen den eredu ekonomikoa delako. Horren guztiaren ondorioa prekarizazioaren sakontzea da. Baina ez hori bakarrik; planeta suntsitzen duen eredu bat da. Sostengaezina da.

 

“Oinarrizko lanetan ari diren langileak txalotu izan ditugu, baina txaloetatik harago joan behar da; bueltatu egin behar zaie egin duten esfortzu hori”

 

Horrek indarrean dagoen produkzio eta kontsumo eredua berraztertzera eraman behar gaitu. Ez dauka zentzurik gain produkzioan oinarritzen den sistemarekin jarraitzeak. Jasangarriagoa izango den garapen eredu berri bat planteatzen dugunean, ikusten dugu ekosozialismoaren eta feminismoaren iturrietatik edan behar duela. Gaur egungo eredutik eredu berri horretara trantsizioa egin behar da.

Bestalde, herrialde baten aberastasuna edo bilakaera ekonomikoa aztertzerakoan beste parametro batzuk erabiltzea beharrezkoa da. Gaur egun BPGren bidez aztertzen da hori, baina herrialde bateko bizitzak sostengatzeko beharrezkoak diren lan erreproduktiboak ere kontuan hartu behar dira, eta naturarekiko zer-nolako errespetuarekin egiten den lan hori ere izan behar da kontutan. Ondoren aztertu behar da ekonomia lokalizatuago baten alde nola egin, zer produkzioren alde egingo den, zeintzuk diren nazionalizatu beharreko sektore estrategikoak. Askoz kontrol publiko handiagoa behar da ekonomiaren gainean.

Sindikatuan halako gogoeta batean sartuta gaude, eta hori Programa Sozioekonomikora eramateko asmoa dugu, datorren kurtsoan kaleratzeko.

 

BirPentsatzen prozesua egin zenuten duela urte batzuk. Egoera prekarionean dauden eta kapitalak legalki babes sindikaletik kanpo kokatutako langile sektoreengana iristeko ekarri zuen erabaki horrek beste modu batzuetan borrokatzeko beharra ekarri du. Negoziaketa kolektiboari pisua kendu diote gobernuek, baina eskubide horri begira egon gabe, ekintza sindikala berritu duzue.

Sindikatuok eraginkorrak izan nahi baldin badugu eta langilego guztiarentzat tresna izan nahi baldin badugu, ezinbestean gure eredu sindikala birpentsatu behar dugu.

Hausnarketa horren ondorioz kapitala/lana kontraesan klasikoari dimentsio berri bat eman genion kapitala/bizitza kontraesana definituz. Horrek eredu sindikal osoa moldatzea ekarri du. Enplegua daukaten langileei soilik zuzendutako ekintza sindikala izatetik, lan guztiak kontutan hartuko dituen eredu batera jauzia egitea eta lan baldintzekin batera langileen bizi baldintzak borrokatzera igarotzea. Enplegueta bizi duina aldarrikatzea eta lan-harremanetan azken urteetan izan diren aldaketa guzti horiei eskaintza sindikal egoki bat egiteko aukera izatea.

 

“Ireki beharreko eztabaida da zein den Euskal Herriko langileek behar duten langile-estatutua eta zein den behar dugun gizarte-segurantza legea”

 

Azken urteetan izugarri hedatu da prekarietatea, horren forma desberdinak legalizatu dira. Eta horren atzetik langileriaren zatiketa egon da, langileen indibidualizaziorako joera. Prekarietatea plusbalia ateratzeko modu bat da, baina baita langileak dominatzeko eta desaktibatzeko modu bat ere. Eta bada sindikalgintzaren eragin gaitasuna mugatzeko modu bat ere. 2008ko krisiaren ondoren etorri diren bi lan erreformak prozesu oso baten “ginda” izan dira, negoziazio kolektiboa guztiz indargabetu dutelako.

Lan-harremanen uberizazio prozesu bat eman da. Horrek eremu sindikaletik kanpo dauden langile kolektiboak ekartzen ditu, rider-ak bezalako kolektiboak. Bestetik badaude langile kolektibo batzuk erregimen berezietan daudenak, eta aurretik ere ohiko lan-harremanen ereduetatik kanpo zeudenak: etxeko langileak, ezkutuko ekonomian ari direnak, kasu gehienetan emakumeak; autonomo faltsuen errealitatea ere asko hedatu da azkenengo urteetan. Harreman kontraktual berriak gehitu behar zaizkio guzti horri.

Azkenik, telelanaren gorakadarekin prekarizaziorako ate berri bat ireki daiteke, eta gainera berriro ere emakumeak izango dira kaltetuenak. Berriro ere etxera buelta bat. Eremu pribatura buelta bat. Indibidualizazioan sakontzea dakar, bakoitza bere eremuan lanean, kontakturik gabe. Horretaz ere gogoeta sakona egin behar da, eta sindikalgintzak horretan ere proposamenak egiteko gaitasuna izan behar du.

 

Argazkiak / FOKU

 

Krisi honen aurretik ere, Euskal Herrian pobreziaren datuak ez ziren batere lasaigarriak. Iazko udan Eusko Jaurlaritza bere txosten propio bat ezkutatzen ere saiatu zen. Aldi berean, pobrezia aintzat hartuta mundu mailan egiten diren txostenek gero eta ageriago uzten dute politika neoliberalak eragiten ari diren gizarte dualizazioa.

Euskal oasia langileen ikuspuntutik ez da existitzen. Krisitik nolabaiteko errekuperazio bat hasi denean ere, hazkunde ekonomiko hori ez da langileon mesedetakoa izan. Hazkunde ekonomiko hori prekarizazioan oinarritzen delako. Horrek geroz eta desberdintasun sozial handiagoak izatea dakar, eta aberastasunaren metaketa handiagoa gutxi batzuen eskuetan. Aberastasunaren eta boterearen kontzentrazio handiagoa. Zentzu horretan Euskal Herria ez da salbuespena. Langabeziaren murrizketa bat egon denean, lanaldi partzialaren hazkundearen ondorio izan da. Lanaldi partzial inposatuak, gehienetan emakumeei eragiten dietenak. Gaur egun, kontratuen %90etik gora behin behinekoak dira eta kontratuen iraupena oso murritza da. Kasu batzuetan asteetako iraupena dute. Egoera bereziki zaurgarrian aurkitzen dira etxeko langileak eta ekonomia ezkutuan lanean ari direnak, nagusiki, emakume arrazializatu eta migratuak direnak.

Bestetik, hemen bada Estatu espainiarreko datuekin alderatzeko joera. Aldiz, Europako batez bestekoarekin alderatuz gero, parametro guztietan azpitik gabiltza. Presio fiskala, langabezia-tasa edo behin-behinekotasun tasa. Soldaten bilakaera aztertuta, sortu den aberastasunetik gero eta zati txikiagoa joan da soldatetara, eta Europarekin alderatuz tendentzia hori askoz nabarmenagoa izan da. Baita osasungintzara edota hezkuntzara bideraturiko inbertsioan ere.Beraz, oso interesatua da Estatuarekin halako datuak parekatzea.

 

“Aliantzak ikuspegi estrategikoa landu beharko genituzke eta ez tokian tokiko interesen arabera”

 

Koronabirusa dela-eta, jarrera kontrajarriak ageri dira ezkerreko sektore ezberdinetan. Batzuek egoera oso apokaliptikoetara jotzen dute. Horrek ordea beldurrarekin desmobilizazioa edo eskuin muturraren indartzea ekar ditzake. Beste batzuen ustez ordea, krisiak agerian utzi ditu globalizazioaren eta neoliberalismoaren pitzadurak eta beraz hemendik aurrera sistema publikoen berrindartzea etorriko da ezinbestean. LABek maiatzaren batean sakoneko eraldaketaren beharra azpimarratu zuen. Zer gertatuko da?

Gu erdian kokatzen gara [barreak]. Arriskuz betetako garaia da, langileontzat garai gogorrak datoz. Beldurrak eta ziurgabetasunak desmobilizazioa eragin dezake, alternatibarik ezaren ideia instalatzen lagundu lezake etsipenak, eta faxismoaren eta eskuinaren gorakada bat ekar dezake.

Era berean, aukeraz betetako garai baten aurrean ere bagaude. Baina aukera horiek beti ere borrokarako gaitasunaren arabera garatu ahal izango ditugu. Ezarri nahiko zaigun gidoi ekonomiko eta sozial hori lehiatzera sartzea tokatzen zaigu. Sistemaren kontrako borroka horri ekin behar diogu lantokietako borroka sindikala ugarituz. Lantokietan enpleguaren defentsak eta lan-baldintzen defentsak zentralitatea hartuko dute. Horrekin batera, prekarietatearen kontrako lerroarekin jarraitu beharko dugu. Baina baita mobilizazio soziala indartuz, kalea indartuz.

Euskal Herrian erakutsi dugu herri bizi bat garela, aktibazio sozial handikoa. Greba orokorrera iristeko egin dugun bideak, lortu diren konfluentziek eta horrek erakutsi duen indarrak erakusten digu Euskal Herriaren potentzialtasuna.

 

“ADEGIk esan du 12.000 lanpostu suntsitzea aurreikusten duela, Jaurlaritzak 68.000, baina ez batak ez besteak ez dute enplegu suntsiketa horri aurre egiteko planik azaldu”

 

Bestetik, kapitalaren eta sistemaren kontrako borroka hori instituzionala ere izan behar da. Gure helburua beti izan behar da politika publikoak aldatzea eta horretan eragitea. Ikuspegi eraldatzaile batetik bokazio hori izan behar dugu.

Langileak ahalduntzeko, estrategia, pedagogia asko eta borroka ideologiko asko landu beharko ditugu. Badagoelako beldurra eta, azken batean, hau osasun krisi bat bakarrik dela ulertzen bada, “ez delako inoren ardura.” Beraz, hori etorri daitezkeen murrizketak errazago asimilatzeko eta aurreko normaltasuna ontzat emateko arrisku bat da.

2008ko krisiaren ondoren errezeta austerizidak ezarri dira eta ikusi dira politika horien mugak. Badakigu horrek zer egoera sozial eta laborala utzi duen.

 

Eraldaketaren norabidean aurrera egiteko, artikulatzeko gai garen indar harremanak determinanteak izango dira. Urtarrilaren 30eko greba orokorrak mugimendu ezberdinen artikulazioa bultzatu zuen, eta balorazioetan herriz herri arrastoa utzi zuela esaten zen. Zer nolako aliantza-politika behar da irekitzen ari den fase berri honetan?

Greba orokorrak argi utzi zuen herri honetan zein dauden kapitalaren interesen blokean, eta zeintzuk gauden aldaketa politiko eta sozialaren eta burujabetzaren aldeko blokean. Bloke horretan, eremu politikoan EH Bildu izan zen greba orokorra babestu zuen bakarra. Eta bestetik gehiengo sozial eta sindikal zabal bat izan ginen grebara deitu genuenak. Guretzat aliantza-esparrua horrek izaten jarraitzen du. Lehentasunezkoa da ezker soberanismoaren baitan gauden eragile ezberdinen arteko aliantzak sustatzea.

Grebak erantzun garrantzitsua izan zuen, baina hori baino askoz gehiago izan zen. Aurretik aktibazio sozial indartsu batetik gentozen: pentsiodunek sekulako mobilizazioak egin dituzte, mugimendu feminista bi greba egitetik zetorren eta ez dira alferrik pasa. Inoiz baino greba batzorde gehiago sortu ziren prestaketarako eta batzorde horietan oso aniztasun zabala egon zen. Horrek guztiak eragile ezberdinen arteko konfluentzia bat utzi du. Ondoren pandemia iritsi da, eta hori guztia geratu da: herri batzuetan desaktibatu egin dira, beste toki batzuetan beste forma bat hartu du, zaintza sareak sortu dira... Orain horri guztiari zer nolako jarraipena eman ikusi behar dugu.

 

 “Esparru propioa eraikitzen joateko, akordio intersektorialen aukera egokia izan daiteke”

 

Patronalari interpelazio bat egin genion akordiorako proposamen zehatz batekin eta instituzioei ere, behar gehien zuten langileentzat proposamen zehatzak planteatu genizkien, politika publikoetan ere aldaketa batzuk planteatzearekin batera. Orain erronka berriak ditugu: enpleguari eustea eta sektore publikoa indartzea; batez ere, osasungintza eta zaintzari lotutakoak. Oinarrizko lanetan ari diren langileak txalotu izan ditugu, baina txaloetatik harago joan behar da; bueltatu egin behar zaie egin duten esfortzu hori. Nola? Zerbitzu publikoak indartuz, publifikazioak bultzatuz eta beraien lan-baldintzak duinduz.

 

Krisi honek boterea izatearen, estatu gisa boterea egituratuta izatearen, garrantzia erakutsi digu. Ezkerreko independentismoak estatugintzaren alde borrokatu du beti, eta estatu tresnak eraikitzeko apustua egin du. Krisi honek zein gabezia erakutsi dizkigu lan harramanen eta babes sozialaren esparruetan estatu/botere egiturei dagokienean, kontutan izanda bazegoela azken erreformen ondorioz lan harremanen estatalizazio prozesu bat?

Lan-harremanei dagokienean aurretik genuen egoera baten jarraipena izan da. Gernikako Estatutua eta Nafarroako Amejoramendua onartu zirenetik hutsune estruktural bat izan dute: enplegu eta babes sozial gaietan ez dugu eskuduntza osorik izan, beraz erabaki guztiak Madrildik etorri izan zaizkigu. Horregatik aldarrikatu izan dugu beti ahalmen legegile osoa eta eskuduntza guztiak jasoko dituen estatus politiko berrien beharra.

Oso interesgarria izan da EH Bilduk, Podemos eta PSOErekin 2012ko lan erreforma bertan behera uzteko lortutako akordioa. Norabide egokian doan urrats garrantzitsua da. Erreformen bidea deseraikitzen jarraitu behar da, zeren eta zentralizazioaren aldeko bidea 2010eko erreformak ireki baitzuen. Baina, hala ere, marko propioaren eraikuntzari begira jarri behar dugu, Madrildik etor daitekeenaren zain egon beharrik gabe. Ikusi dugu zer-nolako presioak dauden botere ekonomikoen aldetik eta PSOEk berak akordioa sinatu eta ordu gutxitara zer-nolako zalantzak agertu ziren. Horregatik jarri behar dugu indarra marko propio baten eraikuntzan.

Zentzu horretan ireki beharreko eztabaida da zein den Euskal Herriko langileek behar duten langile-estatutua eta zein den behar dugun gizarte-segurantza legea. Kontinenteaz hitz egiteaz gain, edukiaz ere hitz egiteko garaia da. Hori izan behar da sindikalgintzaren ekarpena langilleak prozesu subiranistara lotzeko.

 

EH Bilduk egin duen Estatus Berrirako proposamenak jasotzen ditu aipatutako aldarri horiek. Oinarri egokia izan daiteke?

Adostasunean bildutako oinarriak abiapuntu egokia dira. Balio politiko handiko akordio gisa baloratu genuen bere garaian Oinarri eta Printzipioen Akordioa. Guk ekarpenak egin genituen gure ustez akordio horrek nolako minimoak jaso beharko lituzkeen, lan harremanetarako eta babes sozialerako, eta baita, esparru sozioekonomikoa babesteko ere. Denborak eta pandemia honek erakutsi dute EAJk autogobernuaz duen kontzeptua zein den. Eroso dago kontzertu ekonomikoak eskaintzen dizkion mugekin, Confebaskekin duen talde horretan patronalaren mesederako politikak egiteko aukera ematen diolako, eta uko egin dio burujabetzaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko eztabaidari. Ez dauka Madrilen aurrean borroka hori egiteko inolako borondaterik.

 

“Gaur egun aldarrikatzen ditugun 35 orduko lanaldietatik, lanaldi-murrizketa ausartagoetara jo beharko dugu”

 

Horrek beste egoera bat sortzen digu. Eraldaketa sozialaren eta burujabetzaren alde dauden eragileen arteko aliantzak sustatu behar ditugu. Guri dagokigu kalean eta lantokietan borroka sustatzea baina ez hori bakarrik. Interpelazio politiko eta instituzionala egin behar dugu langileen interesak biltzen dituzten proposamen zehatzak eginez. Agenda konpartitu bat izan beharko genuke eremu instituzionalaren eta eremu sindikal eta sozialaren artean. Masa-mobilizazioa eta borroka instituzionala modu egokian uztartzeko gai izan beharko genuke.

 

Argazkiak / FOKU

 

Sindikalismoak traktore-lan garrantzitsua egin dezake Euskal Herrian beste mugimendu sozial batzuekin batera, eraldaketa soziala eta burujabetzaren beharra gurdi berean kargatuz. ELArekin harremana gora beheratsua izan da beti. Aliantza sindikalerako zer aukera ikusten dituzu?

Sindikalgintza abertzalea ez da jokatzen ari jokatu beharko lukeen traktore-funtzioa. Bestelako anbizio batekin jokatu beharko luke. Eskaintza integralago bat egin beharko luke aldaketa sozialaren eta burujabetzaren beharra lotuz. 2017an bi sindikatuok burujabetza prozesua sustatzeko agiri bat sinatu genuen, konpromiso batzuk gureganatu genituen. Konpromiso horien artean zegoen, adibidez, instituzioetan marko juridiko-politiko baterako eztabaida irekitzen bazen, posizio komun batekin jokatzea, negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren aurrean marko politiko propio baten aldeko borroka bateratuak bultzatzea eta prekarizazioari aurre egiteko beste hainbat kontu. Konpromiso horien artean zegoen, baita ere, ezker eremuan aliantzak bilatzen saiatzea. Dena bere horretan gelditu zen, ELAk ez zuelako hori praktikara eramateko inolako borondaterik erakutsi.

Greba orokorraren testuinguruan berriz ere komunikazioa berreskuratu da, eta gai izan gara patronala eta instituzioak interpelatzeko proposamen bateratuak egiteko.

Adierazpen subiranista ateratzean egiten genuen gogoeta berreskuratu beharko genuke. Aliantzak ikuspegi estrategikoa landu beharko genituzke eta ez tokian tokiko interesen arabera. Baina aurrera begira, motzean behintzat, ez gara oso baikorrak horrekiko.

Guk, hala ere, aliantzaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu, beharrezkoa baita irekitzen den fase ekonomiko politiko eta sozial honetan langileen beharrei erantzuteko. Bitartean gure lerro propioa indartuz jarraituko dugu.

 

Ildo beretik tiraka, eta aurrera begira, nondik has gaitezke eta uste du LABek hasi behar dugula lan harremanetarako eta babes sozialeko esparru propioaren eraikuntzan? 2017ko EAEko Akordio Interprofesionala izan daiteke abiapuntu bat, bide bat? Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian modu burujabean jokatzeko egiturak sor daitezke?

Lan harremanei eta babes sozialari dagozkion erabaki nagusiak Estatuetan hartzen dira. Eskuduntzarik ezean, LHBSEE eraikiz eta edukiz betetzen joateako, bertako hitzarmenek paper garrantzitsu bat jokatu izan dute. Guzti hori, hankaz gora jarri da azken bi lan erreformekin. Ezin dugu ahaztu zentralizazioari bidea ireki ziona 2010eko Zapateroren erreforma izan zela eta 2012ko erreformak bide horretan sakondu zuela.

Egin beharreko eta sindikatutik elikatu nahi dugun eztabaida nagusia estatus juridiko politiko berriena da, autonomismotik burujabetzarako bide horretan urratsak ematen joateko. Bide horretan, esparru propioa eraikitzen joateko, akordio intersektorialen aukera egokia izan daiteke. Akordio hauek patronal eta sindikatuen artean gauzatzen badira ere, eremu politikoak jokatu dezake paper bat. Patronalak ez du interesik horrelako akordioak sustatzeko, marko estatala onuragarriago zaio, prekarizazioan sakontzeko aukera ematen diolako. EAE zein Nafarroako Gobernuek ere ez die bultzadarik eman akordio intersektorialak egiteko aukerari. Azken adibidea greba orokorraren testuinguruan proposaturiko akordio intersektoriala dugu.

 

“Europako batez bestekoarekin alderatuz gero, parametro guztietan azpitik gabiltza. Presio fiskala, langabezia-tasa edo behin-behinekotasun tasa”

 

Ipar Euskal Herrian, ekaineko hauteskundeen ondotik, lurralde elkargoari bultzada berri bat emateko aukera izan daiteke eta testuiguru horretan, LAB esparru sozioekonomiko propio bat sortzeko egiten ari den ekarpena indartua atera daiteke. Langileen artean pedagogia soberanista egin behar dugu. Langiloen lan eta bizi baldintzak hobetzeko proposamenak ditugu eta proposamen horiek bertan erabakitzearen garrantzia barneratu eta borrokatzeko.

 

Aliantza sindikala kontrabotere izaera indartzen ari da, baina edukiko du edo eduki dezake herri-ikuspegi eta -interlokuzio bat sindikalismoak beti izan duen (eta gatazka laboraletan mantentzen duen) gaitasun kontraktuala maila politiko eta instituzionalera eramateko? Elkarrizketa sozialaren eredu paktistatik harago, Euskal Herriko eta herri klase eta sektoreen gehiengoaren interesak maila horretara eraman dezake aliantza sindikalak?

Berreraikuntza ekonomiko eta sozial baten beharraz hitz egiten digute, kolaborazioaren beharraz hitz egiten digute. Bada, gu ez gaude berreraikuntzetarako. Guk ez dugu parte hartuko egungo sistemari eustea helburu duten marko ezberdinetan. Norabide berri bat finkatu behar da, eredu berri baterako trantsizio bat diseinatu behar da, eta norabide horretan hainbat akordio eraiki beharko ditugu, batzuk partzialak. Baina argi izan behar dugu zein den helburua. Horren arabera markatuko dugu gure posizioa eztabaida marko ezberdinetan.

Azken egun hauetan asko hitz egin izan da Aldi Baterako Enplegu Erregulazioei (ERTE) buruz eta egoera horretan dauden langileei soldatak osagarritzeko akordio bilatzen ari dira EAEko elkarrizketa sozialeko mahaian CCOO eta UGT. ELAk ere antzerako proposamena egin du. Gure ikuspegik, enpleguaren alorrean ditugun erronkei aurre egiteko motz geratzen da. Enplegu suntsiketari aurre egiteko plan integral bat behar da. EAE zein Nafarroako Gobernu eta patronalei, proposamen bat helarazi diegu enplegua babesteko neurriak eskatuz.

 

“Enplegua daukaten langileei soilik zuzendutako ekintza sindikala izatetik, lan guztiak kontutan hartuko dituen eredu batera jauzia egin dugu”

 

Greba orokorraren bueltan, ELArekin batera, patronalari lau puntuko akordio interprofesional bat planteatu genion prekarietateari muga jartzeko, indarrean jarraitzen du proposamen horrek eta orain enplegua defendatzeko plan bat behar da. Dualizazioaren ondorioz, oso erraz suntsitu den behin-behineko enplegu guztiaren inguruko gogoeta bat behar da, langileriaren zati oso zabal bat erabili eta bota daitekeen kolektibo bat bilakatu delako (gazteak eta emakumeak bereziki). Beharrezkoa da harreman ereduaren aldaketa bat eta horiei begirako plan bat. Aldi baterako erregulazioan (ERTE) dauden langileen soldatak osagarritu behar dira, baina, batez ere, hitz egin behar da etorkizuneko enpleguaz. ADEGIk esan du 12.000 lanpostu suntsitzea aurreikusten duela, Jaurlaritzak 68.000, baina ez batak ez besteak ez dute enplegu suntsiketa horri aurre egiteko planik azaldu. Oinarrizko lanetan ibili diren langile horien baldintzak duintzeko plan bat ere behar da.

Interpelazio instituzionalari dagokionez, behar sozialei erantzuteko neurriez gain, ezinbestekoa iruditzen zaigu zerbitzu publikoak indartzeko plan bat. Publifikazio plan bat behar da. Inbertsio handiagoa behar da zerbitzu publikoetan. Ratioen legeak berrikusi behar dira, langile gehiago izateko. Langile publikoen egonkortasuna bermatu behar da. Ez da onargarria langile publikoek murrizketa batzuk ametitu behar izatea, eta Eusko Jaurlaritza hasi da jada norabide horretan mezuak ematen. Eta, azkenik, lehentasunezkoa da zaintza-lanen sistema publiko bat eraikitzea.

Langileak borrokara erakartzeko proposamenak izan behar dira, baina aldarrikapen horiek nonbait depositatuko dituzula eta nonbait borrokatuko dituzula ere bermatu behar da.

 

Argazkiak / FOKU

 

Zein izan behar dira lehentasunezko neurri politiko/ekonomikoak motzean krisi honi aurre egiteko? Langileek krisi hau ordain ez dezaten, zer-nolako neurriak jarri beharko lirateke abian?

Lehen esan bezala, zerbitzu publikoak indartu behar dira eta garapen ereduaren inguruan eztabaida oso bat egin behar da.

Enpleguaren defentsari lotuta, lehen esandakoaz gain, lanaldi-murrizketaren eztabaida ere ireki behar da. Lan guztien aitortza eta berrantolaketa behar da, lan guztien banaketa bat. Digitalizazioaren eta robotizazioaren bidetik enplegu suntsiketa aurreikusi dezakegu. Gaur egun aldarrikatzen ditugun 35 orduko lanaldietatik, lanaldi-murrizketa ausartagoetara jo beharko dugu.

Azkenik, aberastasunaren banaketari buruzko eztabaida sozial eta politikoa egin behar da. Egun indarrean dagoen zerga-politika berrantolatu behar da. Badago tartea diru gehiago biltzeko, presio fiskal handiagoa izateko. Baina diru bilketa hori askoz modu progresiboagoan egin behar da. Guk lau neurri zehatz planteatzen ditugu. Proposamen hori diputazioei helarazi diegu, baina ez dakigu horretaz eztabaidatzetik izango dugun, herri honetan, orain arte, zerga politikaren parametroak patronalak markatu izan dituelako.

Lehen neurria, kapital handien gaineko zerga berezi bat ezartzea, gehien dutenek gehiago ordaintzeko. Bigarrenik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren bidez jasotzen den diruaren zati handiena langileen errentetatik dator; oso bidegabea da eta berregokitze bat planteatzen dugu. Hirugarrena, Sozietateen Zerga, murrizten joan izan da zerga hori; hobari eta kenkari guztiak kendu behar dira, bestela, enpresek ez dute beharko luketen proportzioan ordaintzen. Azkenik, zerga iruzurrari eta zerga ihesari aurre egiteko neurriak behar dira.

 

“Egun indarrean dagoen zerga-politika berrantolatu behar da. Badago tartea diru gehiago biltzeko, presio fiskal handiagoa izateko”

 

Amaitzeko, koronabirusaren aurretik Zaldibarko hondamendia gertatu zen. Zer balorazio egiten duzu?

Zaldibarkoa bi ereduren arteko talkaren beste isla bat izan da. Zaborren kudeaketan izandako hutsune guztiak agerian geratu dira. Lehenik eta behin, eztabaidagarria da erabat pribatizatu daitekeen zaborren bilketa. Eta, bestetik, pribatua izanda ere, askoz kontrol publiko handiagoa eskatzen du, kontrol sistemek porrot egin dutela ikusten baita.

Era berean, argi ikusi zen lehentasuna langileak baino, autopista irekitzea izan zela. Ondorioz, hasiera batean, erreskate langileak lan osasun-arrisku batera paratu ziren.

 

“Koronabirusak agerian utzi du aurretik eraiki den eredu ekonomiko eta sozial horren hauskortasuna”

 

Baina era berean, Zaldibarkoak, Osakidetzako enplegu publikoaren eskaintzen auziak, De Miguel auziak, EAJren kudeatzaile onaren mitoa pitzatu dute. Desmuntatu beharra dagoen ideia bat dago: pasatzen dena pasatzen dela, EAJri ezerk ez diola fakturarik pasatzen. Gabeziak gero eta nabarmenagoak dira, eta hutsune horietan eraginez, EAJren hegemonia leihatzeko aukerak gero eta handiagoak dira.

 

TWITTER