ELKARRIZKETAK

Itziar Amunategi

Elkarrizketatua: Pernando Barrena

"Herri honen nazio eskubidearen defentsatik aukera leiho berriak sortzen saiatuko gara Bruselatik ere"

2022-10-14

Pernando Barrena (Iruñea, 1965) EH Bilduko eurodiputatuak amaiera eman zion irailaren 2an azken hiru urteetan Bruselan eurodiputatu gisa egindako lanari. EH Bilduren izenean, Orain Herriak koalizioarekin aurkeztu zen Europako Hauteskundeetara eta, orain, Ana Miranda BNG-ko kideari utzi dio eurodiputatu kargua hauteskundeetarako egindako akordioa jarraituz. Hala ere, jakinarazi duenez, EH Bilduren ordezkari bezala Bruselatik lanean jarraituko du. 

Argazkiak. FOKU

 

Besteak beste, Europako Parlamentuko The Left taldeko eta EFA party (Europako estaturik gabeko nazioen koalizio)-ko kide izaten jarraituko du, urte hauetan egindakoari jarraipena emanez eta EHBilduren eta Euskal Herritarren interesak defendatzen Europaren bihotzean bertan.

Ez da gutxi urte hauetan Barrenak pilatutako esperientzia: errefuxiatuen auzia, nazioarteko gatazkak, erabakitze eskubidea, pandemia... Horregatik, ziklo aldaketa honetan, kontu horietaz aritu zaigu kontu kontari Iruñeko Katakrak liburu-dendako mahaitxo batean:

 

Ziklo bat amaitu berri duzu. Lehenik eta behin, galdera pertsonal bat. Nolakoa da Europako Parlamentuan lan egitea?

​Niretzat esperientzia izugarria izan da. Kontziente izan naiz oso pertsona gutxiri eskaintzen zaien aukera dela, eta beti eskertu izan dut pilo bat aukera hau bizi izana. Eskola ikaragarria da, ikaste prozesu etengabe bat. Europako instituzioek gu bezalako herri txiki baten ikuspegitik aukeraz beteriko esparru bat dira: adimen artifiziala, deskarbonizazioa eta aldaketa klimatikoa, migrazioa, pandemia, autodeterminazio eskubidea... Europar dimentsioa duten gaiak dira, bertan erabakitzen dira hainbat neurri eta bertan ere, presente egon behar da gure diskurtso politikoa. Zaila da baina aukerak egon badaude lan egiteko, gure balioak eta ideiak dituzten horiekin elkarlanean aritu eta estaturik gabeko nazioen eskubideen defentsa egin. Horretan ibili gara urte hauetan eta hori egiten jarraituko dugu legealdia amaitu arte.

 

EH Bilduk bertan duen bulegoa mantenduko du, beraz.

​Hala da, jarraituko dugu bulegoa mantentzen. Nik bertan jarraituko dut. Zer egiteko? Batetik EH Bilduk lehentasunezkotzat dituen gaien segimendua egiteko: Europa mailako gutxiengo soldaten prozesu guztia, deskarbonizazioa eta aldaketa klimatikoaren aurrean hartu beharreko neurriak, eta funtsean, langile klasearen eta klase ertainen interesen babesa.

Bestetik, oinarrizko eskubide demokratiko bat den heinean, autodeterminazio eskubidearen defentsan ere irmo jarraituko dugu. Argi utzi behar dugu estaturik gabeko nazioak etorkizuneko Europaren eraikuntzaren oinarri sendoa izan daitezkeela, norabide horretan laguntzera goazela eta ez oztopoak jartzera. 

​Funtsean, Euskal Herrian egiten dugunaren pareko lana egingo dugu. Ikuspegi sozial batetik, herri honen nazioeskubidearen defentsatik aukera leiho berriak sortzen saiatuko gara Bruselatik ere, eta, gatazkaren ondorioen konponbidean bide berriak bilatuko ditugu falta zaizkigun gauzak lehen lehenbailehen amaitzeko: bai presoen egoera, zein biktimen trataera justu eta integrala. Misio honetan, nahiz eta lekukoa pasa, BNGko hautagaiari bitarteko nahikoak izango ditugu lan ildo guzti horiei heltzeko.

 

Errefuxiatuen egoerak lazgarria jarraitzen du izaten, eta eurodiputatu bezala misio ezberdinetan parte hartu duzu, euren egoera bertatik bertara ezagutu eta Europako instituzio eta estatu kideek martxan dituzten politikak salatzeko. Zer balorazio egiten duzu Europak garatutako politiken inguruan?

​Europar instituzioek eutsi egin diote Europako kanpo mugetan dauden errealitate gordinak mantentzeari. Zoritxarrez, gure lotsarako, tragedia hori betikotzeko politikak mantendu dituzte. Etsigarria da ikustea nola arrazoi ezberdinengatik ez dagoen inolako asmorik gaiari heltzeko eta aldaketak eragiteko. Esango nuke eskuineko mugimendu xenofoboen hazkundea horren atzean dagoela baina, aitzitik, nik uste dut badagoela ere ikuspuntu zabal bat, nahiko aurrerakoia migrazio eta errefuxiatuen gaiaren inguruan. Euskal gizartean esaterako, migrazioa zer den ulertu egiten dela esango nuke, gure herriak bere historian zehar migrazioarekin izandako loturagatik. Eta nik uste dut ulertzen dugula zer nolako tragedia humanoa dagoen migrazioaren atzean. Horregatik politika aldaketak behar-beharrezkoak ikusten ditut; ezin daiteke inolaz ere onartu pertsona migranteak tratatuak izatea tratatuak diren bezala.

 

Zer ikusi duzu egindako bidaietan?

Giza eskubide bati buruz ari gara, oso zaila da Grezia, Italia edo Espainiako migrarien atxilotze zentro batera joan, bertako errealitatea eta haien istorioak ezagutu, pasatu dituzten guztiak entzun eta egun bizi duten egoera ulertzea. Zenbat denbora eta miseria pasatu duten Europara heltzeko. Nola behin hona helduta, txarrena pasatu dutela pentsatu eta okerrena aurrena dutela konturatu ezta? Oso zaila da hori entzutea eta gero Europak duen jarrera ikustea, gure bizitzekin zerikusirik ez balute bezala.

Adibidez, Grezian egon ginenean, bertan baldintza ikaragarriak dituzten atzemate zentroetan urteak ematen dituzten pertsonak ezagutu genituen. Haien bizitzekin zer egingo duten zain egoten dira eta horren aurrean ez da inolako neurririk hartzen. Dublingo Hitzarmena indarrean dago eta horren arabera, Europar zorura asilo bila iristen den pertsona orok, asilo prozedura hasi behar du iristen den herrian bertan. Horrek kondenatzen ditu Europako kanpo mugetan dauden estatuak ahal duten bezala migrazioaren auzia kudeatzera. 

Ez dago Europa mailako ikuspegirik, argi dagoenean ez gaudela Greziaren, Italiaren edota Espainiaren arazo isolatu baten aurrean baizik eta Europak duen arazo larrienetariko baten aurrean.

 

Besteak beste, migrazio krisia izan da Europako eskuinaren diskurtsoaren fokuetako bat eta baita, izandako gorakadaren arrazoi nabarmenetako bat.

Eskuinak migrazioaren auzia baliatzen du barne etsai berri bat sortzeko. Momentu batean komunistak ziren eta eskuinak horren gainean eraiki zuen beldur diskurtso bat mugimendu guztiz erreakzionarioak sortzeko, beraien neurriko gizarte autoritario eta elitista bat sustatzeko asmoz. Une honetan, helburu berdinak lortzeko eta haien planteamendu autoritarioa hegemoniko bihurtzeko migranteak erabiltzen dituzte barne etsai berri bezala beldur hori sorrarazteko. Hala, Espainian, Grezian eta Italian ideia horien suspertze bat ematen ari. Gizarteari gezur bat salduz: herritarren gabezien frustrazioen eta kezken arazo iturri dira migrariak, beraiengatik gertatze da dena. Baina, problema are handiagoa da, eskuin muturra ez da etorkizunean handitu daitekeen arrisku bat, hori gertatzen ari da jadanik eta horren ondorioz, planteamendu autoritarioek Europako kanpo politika baldintzatzen ari dira: Polonia, Hungaria, Txekia, Eslovakia, orain Suedian edo Italian... migrazioaren kontrako diskurtso horrekin proiektu autoritario xenofoboak eta homofoboak indartzen ari dira.

 

Zer neurri hartu beharko lirateke?

Denbora asko beharko genuke zerrendaketa bat egiteko, baina orokorrean eraginkorrena printzipio batetik abiatzea da: migrazio eskubidea giza eskubide bat da, jendeak ez du bera jaio den lekua, familia eta lagunak kapritxoz abandonatzen. Ihesi dagoen jendea da gugana heltzen dena, gerratik, duintasun baldintzarik ez duelako bere garapen bitalerako, edo bere bizitza arriskuan ikusten duelako, oro har. Beraz, onartezina da egun egiten denbereizpen hori egitea: errefuxiatuak, gerratik ihesi egiten dutenak eta migrari ekonomikoak, bigarren horiek duin eta ondo bizi diren pertsonak balira bezala, Europara aberasteko asmoz datozenak. Hori ez da egia, orokorrean arazo horren iturburua desberdina izan arren, pertsona horiek ase beharreko arazo latzak dituzte eta laguntza behar dute.

​Bigarrenik, migrazio ekonomiko horri aurre egiteko, Europak ideia bat barneratu behar du: hainbat herrialdetan baldintza ekonomiko eta sozial duinak ematen ez badira, hein handi batean Europar estatuek mendeetan zehar garatutako eskema kolonialen ondorioz da, eta beraz, badugu ardura bat horrekiko: guk zukutuditugu estatu horiek guztiak laranja bat balira bezala eta egun, dugun bizimodu pribilegiatua bada kolonizatu herriei egindako lapurretei esker. Ardura hori hor dago eta heldu egin behar zaio bi ikuspegietatik: Bat, jende horri bueltatuaz lapurtutakoaren parte bat, kolaborazio prozesu eta garapenerako proiektuen bidez, hots, dirua inbertituz. Hau da, jendeak migratu behar ez izateko bitartekoak eskaini behar dira. Eta bi, migrazioak indarreanjarraituko duenez, pentsatu egin behar da nola antolatzen dugun gure burua datorren jendeari harrera egoki bat emateko, eta hori ez da ghettoak eraikitzea edota milaka pertsona hartu eta besterik gabe subsidiatzea, horrek ez dut funtzionatzen eta izugarrizko apurketa sozialak sortzen ditu. Ezin dugu ahaztu ere, populazio krisi bat dugula ate joka.

 

Bada beste gai bat, agian ez dena hain ezaguna baina zuretzat berebiziko garrantzia duena: adimen artifiziala. Azken urteetan buru belarri aritu zara adimen artifizialak gure bizitzen aspektu ia guztietan izan ditzakeen ondorioak aztertzen. Mehatxu eta ziurgabetasunak mahai gainean dira dagoeneko baina herri moduan, zein aukera eskaintzen ditu honek guztiak?

​Adimen artifizialak arrisku asko dakartza berekin orain eskuz egiten den lan askoren automatizazioa suposatuko duelako. Hasteko,orain arte indarrean egon den lanpostu eskemaren ikuspegitik, lanpostuen galera ekarriko du, baina bestetik, izugarrizko onurak ere ekarriko ditu eta enplegu mota abaniko berri bat sorraraziko du. Beraz ez nuke esango hau enplegua izorratzera datorrela baina bai lan motaren abanikoa aldatzera datorrela teknologia hau eta horretarako prest egon behar garela.

Bestetik argi izan behar dugu batzuetan adimen artifizialari buru hitz egin eta zientzia fikzioa datorkigula burura. Hau ez da zientzia fikzio kontua ordea, gure bizitzetan oso azkar sartzen ari den errealitate bat da, eta epe motz batean, adimen artifizialak gidatutako prozedura eta teknologien ondorioz, disrupzio historiko bat emango da, konparagarria izan daitekeena iraultza industrialarekin edo orain dela gutxiago ezagutu genuen interneten sorrerarekin.

Orduan ikuspegi geopolitiko batetik iraultza horretarako eta momentu disruptibo horretan aritzeko prest egongo ez diren errealitate nazionalak edo estatuak oso gaizki kokatuta egongo dira euren etorkizunari begira. Beraz Euskal Herria noizbait estatu bilakatzeko anbizioa badugu, guru burua prest izan behar dugu aldaketa honetarako eta instituzioetatik ahalegin guztiak egin behar ditugu bitarteko publikoak erronkaren tamainan egon daitezen.

 

Zer aldaketa ekarriko ditu?

Aldaketa ikaragarriak datoz eta ez soilik enpleguaren arloan, mundua orain arte ezagutu dugun bezala aldatuko da: garraiatzeko izan dugun modua eta ohitura, ekonomia ulertzeko modua, trantsizio ekologikoa eta deskarbonizazioa ulertzeko modua... Horrek ere hainbat kezka dakartza ezta? Adibidez, osasun arloan, ze puntutara arte erabaki horiek pertsonak edota makinek hartuko dituzte? Berdin segurtasun publikoan edota arlo militarrean ezta? Aireportuetan adibidez, nork erabakitzen du pasatzen zaren ala ez? Hor dagoen polizia edota kamera batek, bilduta dituen datuen arabera jakingo duen zu pertsona garbia edo arriskutsua zaren? Eta hori ez da distopia bat, hau gertatzen ari da jada aurpegi errekonozimenduaren eta halako teknologien bidez. Teknologia horien atzean prebentzio handia izan behar dugu, esaterako, aurpegi errekonozimendua bezalako teknologiak debekatzeko eskaera egin genuen guk


Hezkuntza eta hizkuntza gutxiagotuen egoerari - euskara ardatz hartuta - ere erreparatu diozu azken 3 urteotan. Zein aukera ikusten duzu epe motz edo ertainean euskararen ofizialtasuna lortzeko Europako instituzioetan?


​Orian Madrilen onartu da konpromiso bat Espainiako Gobernuak eskatzeko estatuko hizkuntza ofizialak laneko hizkuntza bihurtzea Europako Parlamentuan. Hori da adostu dena, ikusiko da eskaera egiten duen eta zer erantzun jasotzen duen egitekotan. Zaila ikusten dut dena den hori lortzea, bai arrazoi praktikoengatik baina baita arrazoi politikoengatik. Alta errealitatea da gu Europako hiritar bezala, badugula hizkuntza bat, euskara, europarra dena eta eskubide batzuk onartuak izan behar dituena europar esparruan. Eskubide hori aldarrikatu behar da.

 

Argazkiak. FOKU

 

Nazioarteko politikari ere fokua jarri diozu azken urteotan, adibidez, Myanmar, Nagorno-karabah, Kolonbia... Nola ikusten duzu testuinguru politikoa mundu zabalean? Zer garrantzi dute auzi politiko horiek?

​Oso gatazka eta garapen desberdinak izan dira. Kolonbian esaterako aldaketarako lehenbiziko harria jarri egin dute. Presidentziak, hots, gobernua aldatzeak, ez dakar aldaketa berez baina aldaketa hori emateko tresna funtsezkoak ematen dizkizu. 

​Beste egoera batzuen garapena interesgarria izan da gure interes propioetarako, bide demokratikoen bidez gatazkak bideratu daitezkeela frogatzeko, adibidez Kanaky-arren egoera. Europa Zentraleko ezkerrekoen buruan oso instalatuta dago nazionalismoa proiektu autoritarioekin eta arazo sortzaile diren pertsonekin eta honek balio izan digu erakusteko ezetz, autodeterminazio eskubideak eta jendeari hitza emateak arazoak konpontzen dituela eta horrek balio duela ere estabilitatea ekartzeko. Europan dauden autodeterminazio eskubide eskaeren atzean mugimendu progresistak daude eta gainera badute posizio europarzale bat. Gu Europar zaleak gara? Nik uste konplexurik gabe esan behar dugula baietz, ulertzen dugula Europa proiektu amankomun bat izan behar dela eta guretzat, euskaldunentzat ere politika egiteko toki bat izan behar dela. Beste kontu bat da ez dugula inondik ere bat egiten Europar eredu honekin eta hori da eztabaidatu behar duguna, egungo Europak ez dielako inondik inora erantzuten europar komunitatearen beharrei, Europa soziala, inor atzean uzten ez duena... gaurko Europak ez du bat egiten Europar komunitateen fundatzaileek buruan zuten ideiekin, horren guztiaren aldarrikapena egin behar da eta gehitu, Europa honek badituela behar batzuk bai bertan dauden errealitate nazionalen onespenetik baita ikuspegi sozialetik ezta?

 

Nola ikusten duzu Ukrainiako gatazka? 

Alde positibo bakarra ikusi dut guzti honetan: Ukrainiar errefuxiatuak hartzeko gai izan gara eta horrek erakutsi du Europak gaitasuna duela gerratik eta miseriatik ihesi dabiltzanak hartzeko. Baina horrek dakar beste galdera bat: Zergatik ukraniarrekin bai eta siriarrekin edo afganistandarrekin ez? Hori ikaragarria da, arrazoi politikoak daude, arrazoi xenofoboak eta esplikatu ezina da.

Hortik kanpo, Europa Estatu Batuek sortutako egoera bat ordaintzen ari da. Urteetako presio eta NATOren espantsionismoaren ondorioz, Errusiak Ukrainia inbaditzea erabaki zuen. Beste herrialde bat inbaditzea, eta nahiz eta NATOk egindakoa onartezina izan, ez da inondik inora justifikazio baterabaki hori hartzeko. Beraz, ozen esan behar dugu Errusiak Ukrainiatik erretiratu behar dela eta, era beran NATOk gelditu behar duela bere politika espantsionista.

Egin zuten azken bilkuran ordea, Madrilen, berretsi egin dute, espantsionismo garbiaren aldeko hautua. Prebentzioa eta politika baztertuz. Ez goaz bide onetik eta okerrena da Errusiak hartutako erabaki horren atzean badagoela beste arrazoi bat, mundu bilateraletik, Estatu Batuek bideratutako mundu unipolar batera igaro ginen eta orain mundu multipolar bat sortzen ari da berriz. AEB gainbeheran dago, baina hala ere potentzia militar ikaragarria izaten jarraitzen du. Bestetik Txina dugu, potentzia ekonomiko izugarria. Eta munduaren botere banaketaren ring horretan, bi boxeolari horiek bi txoko sendo okupatuta dituzte. Erabakitzeke dago beste biak nortzuk izango diren; Europa, Errusia edo kanpo geratu den besteren bat.

 

Zergatik diozu hori?

Errusiaren jauzi militar hau badator munduan esatera, boterea banatzen ari zareten honetan ni ere hemen nagoela. Eta zer da tristeena, laugarren txoko hori Europak proiektu autonomo eta propio batez okupatu beharko lukeena, oso larri dagoela Europakikaragarrizko ahulezia erakusten ari delako joko geopolitiko horretan. Zergatik, estrategia hori erabaki dutenek, erabat lotuta ikusten dutelako Europaren papera AEB gidatutako NATOren estrategiarekin. AEBk gidatutako estrategia militar baten menpekoa da Europa eta gerran jokatutako paperak hori indartu du: Errusiari egurra ematen saiatu da, bere kontra bueltatu diren santzio batzuen bidez. Oso modu hipokritan, gero jarraitu diolako gasa erosten Errusiari, eta gero gainera, santzioek nor zigortu dute Errusian? Bada jende arrunta. Eta zer bururatu zaio Europari? Ba ez du pentsatu zer bitartekaritza paper jokatu dezakeen Nazio Batuen erakundearekin batera, gatazka ahalik eta lasterren fase ez armatu batera bidaltzeko, bakegintza, negoziazioa elkarrizketa eskema baztertu eta armak bidali dizkio Ukrainiari, Amerikarren mesedetan dagoen dinamika indartuz, haiena delako merkatua eta bat datorrelako haiek bilatzen duten botere banaketarekin, funtsean: EBk ez du etorkizunik mundu mailako hegemonia bezala, ez baditu bere loturak apurtzen Estatu Batuak gidatutako estrategiarekin, ez du autonomiarik izango, Amerikarrek ez dutelako inoiz permitituko inon sendotzen uzten beste hegemonia batzuk.

 

Horrekin guztiarekin batera, ezin dugu azken bi urteetan jasandako pandemia aipatu gabe utzi. Nolako eragina izan zuen osasun krisiak zure jardunean eta Europar Parlamentuko egunerokotasunean?

​Erabat baldintzatu zuen, bozketak eta mantendu ziren, lan instituzionala mantendu zen baina hori bezain inportantea den lanketa politikoa egiteko bitartekoak erabat mugatuta geratu ziren; bilerak aprobetxatzea beste gauza batzuetaz hitz egiteko, harreman politikoak egitea... hori guztia erabat kamuts geratu zen. Orain horretan eragiten saiatuko gara, ez da inondik ere gauza bera lan politikoa egitea modu birtualean edota presentzialki. 

 

«Europa berriaren eraikuntzan, edonolakoa izanda ere, estaturik gabeko nazioen errealitatea oso presente eduki beharko da»

 

Erabakitze eskubideaz aritu zara. Hain zuzen ere, hori izan da EH Bilduren lan ardatz nagusietako bat azken 3 urteotan Europako Parlamentuan. Horren adierazle, Europar diputatuz osatutako Caucus-a jarri duzue martxan. Zer nolako ibilbidea egin duzue eta zein da hemendik aurrera dituzuen erronkak?

​Caucus-aren ideia legealdi hasieran sortu zen, horren bidez, autodeterminazio eskubidearen aldeko hainbat eurodiputatu bildu ginen, gehienbat Europako estatu gabeko nazioen aldarrikapena europar diskurtsoaren eta eztabaida politikoaren erdigunean kokatzeko.

Europako Etorkizunaren Inguruko Konferentzia baliatuta, Europari buruz etorkizuneko proiektu bezala arituko zenez, guk diskurtso hau kokatu eta behar hori plazaratzeko aukera ikusi genuen. KOFOE deitu zen konferentzia eta Caucus-a hasieran horri bideratuta ez bazegoen ere, aukera eman zigun bultzada hori emateko. Estrategia bat adostu genuen beraz, KOFOEren batzar nagusietan zein lantaldeetan mezu hori etengabe kokatzeko. Guk bagenekien hori helburu oso mugatua zela, halako ekimen instituzionalak oso mugatuta daudelako. Baina nahiko pozik atera ginen, eta nahiz eta azken txostenean gure proposamena agertu ez, guztiz arrazoi politikoengatik alderdi popularrekoek eta sozialistek aparte utzi zutelako, lortu zen KOFOEren webgunean gurea izatea ekimenik bozkatuena eta babestuena eta horrek mezu argi bat zabaldu zuen; Europa berriaren eraikuntzan, edonolakoa izanda ere, estaturik gabeko nazioen errealitatea oso presente eduki beharko da. Orain KOFOE bukatu da eta Caucus-a hari da bere burua prestatzen fase berrirako, helburu berdinarekin baina beste motatako ekimenen bidez, presio politiko zuzenagoa egiteko, besteak beste.

 

Autodeterminazioa Europaren etorkizunaren oinarri gisa kokatzen duzu, beraz?

Argi adierazi behar dugu, autodeterminazio eskubidea europar testuinguruan ez dela arazo gehiago sortzera datorren zerbait, baizik eta proiektu politiko europarra ongi sendotzeko modu bat, errealitate nazionalak kontuan hartuz. Ikusi beharko da zein den bultzatu nahi dugun Europa hori baina argi dagoena da, batzuk saldu nahi izan dutenaren kontra, Europaren ideia babestera datorren auzi bat dela herrien erabakitze eskubidea.

 

Esperantzagarria da Europako estaturik gabeko nazioen egoera?

Baietz uste dut nik. Esango nuke urte gutxiren bueltan autodeterminazio eskubidearen ariketa ikusiko dugula Irlanda osoan eta konbentzituta nago Irlanda birbatu bat ikusiko dugula autodeterminazio ariketa baten bidez. Eskozian datorren urterako iragarri dute jada hori, eta ez dezagun ahaztu Eskoziako independentistek Europako karta jokatuko dutela azkenengo erreferendumean independentzia lortzeko falta izan zitzaien ehuneko txiki hori eskuratu ahal izateko. Katalunian egoera zaildu da baina erabakitzeko eskubidea  zentrala izaten jarraitzen du prozesuan eta bete-betean eragiten digu. 

Euskal Herrian ere uste dut pixkanaka joan behar dela gorpuzten XXI. mendeko subiranismoak zer nolako apustuak ezarri behar dituen amankomunean. Eta gero, Europa mailan beste errealitate batzuk indarra hartzen joango dira ere: Korsika adibidez, edota Gales, Erresuma Batuan; oso oharkabean independentismoa oso kuota interesgarrietara heltzen ari da. Flandria bera ahaztu gabe, non erabakitze eskubidea beti dagoen eztabaida politikoaren erdigunean.

 

TWITTER