ELKARRIZKETAK

Erria

Kizkitza Gil De San Vicente

"Ez da posible estrategia feminista bat politika feminista burutzeko botererik gabe"

2020-06-02

Erriaren bosgarren alerako Kizkitza Gil de San Vicente elkarrizketatu genuen. Sortuko kidea eta feminista, feminismoaren egungo eztabaidak, Euskal Herriko egoera, independentismoaren eta feminismoaren arteko loturak, eta beste hainbat gai jorratzen ditu elkarrizketa honetan, begirada luzez, hausnarketa sakonak plazaratuz.


 

Argazkiak: FOKU

 

Betaurreko moreen metaforatik abiatuz, egin dezagun azken hamarkadetako Euskal Herria feminismotik begiratzeko ariketa: zertan aldatu gara? Zertan jarraitzen dugu?

Orokortzeak beti du bere arriskua, baina, galderari erantzunez esango nizuke emakumeon egoeraren bilakaeran bi begirada mantendu behar ditugula. Begirada luze bat, non zalantzarik gabe emantzipazioaren aldeko urrats kualitatiboak eman diren azken mendean. Eta begirada hurbilago bat, azken hamarkadetakoa, kapitalismoaren eta politika neoliberalen sakontzean sortzen den egoerari begiratzen diona. Atzerakadak ematen ari direlako, bai sexuen arteko berdintasunaren aldeko politika publikoetan zein emakumeon bizi baldintza eta duintasunean.

Esan bezala, emakumeok espazio pribatutik publikorako saltoa eman dugu azken mendean eta honek aurrerapen nabarmenak baina problematika berriak sortu ditu. Ez soilik deitzen den espazio pribatu horretara gizonak ez duelako saltoa modu berdinean eman, baizik eta berdintasun faltsuarekin egin dugulako topo, mota guztietako diskriminazioak eta frustrazioak bizituz. Era berean, emakumeok feminismoa findu dugu, ideologia osoa bihurtu dugu, zientzia bilakatu dugu, eta honek errealitatea problematizatzea ekarri du. Feminismoaren begiradari esker zapalkuntza egoera berriak ikusi eta izendatu dira, lehen ontzat ematen zena orain ez nahikotzat hartuz.

Beraz, ikuspegi luzean aurrera egin dugu bai, oztopoz oztopo, eta bidean naturaltzat hartzen ziren egoera asko, ezkutuan zeuden biolentzia eta zapalkuntzak, agerian utzi ditugu, izendatu ditugu.


 

Jada ez gaude, beraz, noizbait egon ginen lekuan… Gaur non gaude? Zerk ezaugarritzen gaitu? Bestelako begirada batzuk eta praktikak nabariak diren honetan…

Emakume askok espektatiba eta gaitasun berriekin egin diogu aurre bizitzari azken hamarkada hauetan eta hau harreman sozialak eta jendartea eraldatzen ari da. Nik esango nuke luzeko Iraultza burutzen ari dela. Espazio txikietan, familietan, pertsonen politizazioan, anbizioetan, sexualitatean, jendarte harremanetan, agenda politikoetan, lanaren gestioan eta ondorioz ordutegi sozialetan. Bai, ez da orain arte kontzeptualizatu ditugun moduko iraultza bat. Badakit. Ez da botere egituraren egiturazko aldaketa bat eta gainera, denbora luzean antzematen da, xirimiri moduko bat izaten ari da. Jendartea barrutik bustitzen duena, gaur gaurkoz, sistemaren arropak aldatzeko adina presioa eragin gabe.

Begirada laburrago batekin, esan behar da, kapitalismoaren nagusitasunak eta azken hamarkadetan egiten ari duen aurrera begirako lasterketa itsuak, zuzeneko eragina dutela emakumeon emantzipazioan eta bizitzan. Merkatuaren logika bizitzaren esparru guztietara eraman da. Merkatu objektu eta lehia esparru bilakatu dira aisialdia, harremanak, sexualitatea, gorputzak, pertsonak, natura, komunitateak eta kultura. Kapitalismo berri honek presio sozial izugarria sortzen du, emakumeak modu berezian bizi duena.

Bestetik, Ongizate edo Probidentzia Estatuen suntsiketa dago, emakumeon emantzipaziorako baldintza materialen okertze argia ekartzen duena. Guk badakigu bigarren Mundu Gerra ostean martxan ezarri ziren Estatu mota hauek eta oinarriak zituzten Paktu Sozialak murritzak zirela, Estaturik gabeko nazioen eskubideak alboratuz eta sexuen arteko lan eta espazioen banaketaren gainean eraiki zirela. Baina, Estatu hauek ekartzen zuten antolaketa eta zerbitzuen eraisteak, publikotasunaren suntsipenak, merkatuaren eta lan harremanen liberalizazioa eta kontrol ezak ondorio oso larriak ditu. Bai Herrientzat zein jendartearentzat eta modu berezian emakume askorentzat.

 

"Espainia eta Frantzia defentsiban dauden Estatuak dira. Euskal Herria berriz, aurrera doan komunitate historikoa da, Estatu bilakatzeko ibilbidean proiektu berria eskaini dezakeena, inklusiboa eta berritzailea."

 

Diagnostiko bat egiten ari naiz, ez iragarpen bat, okerrera joko duen diagnostiko bat da. Begiratu dezagun inguruan, zenbat emakumek ikusi dugu gure lan karga handitzen Estatuak zerbitzu eta laguntza sozialak murriztean? Zenbat emakume gaztek pairatuko dute goranzko mugikortasunaren etetea pribatuaren alde egiten denean eta ezberdintasun sozialak are gehiago emendatzen direnean? Nola okertzen ari dira gure bizi-baldintzak eta nola sakontzen gure ahuldade soziala prekarietatearekin, pobreziarekin, lan eta eskubide sozialen desagerpenarekin? Eta denbora pasatu ahala egoera hauek larrituko direla uste dut.

 

Sistema diagnostiko honetan ateratakoak ezinbestean eragiten du gugan, lurraldetua den GU batean, bi estatu eta hiru eremu politiko administratibok zeharkatzen gaituen GUan. Zein da bizi dugun egoera?

Euskal Herriko emakumeok lurralde-administratibo ezberdinetan bizi bagara ere antzeko jendarte testuingurua dugu. Mundu osoko milioika eta milioika emakume bezala, sexuen arteko bereizketaren gainean eraikitzen den kapitalismo eta sistema politikoan bizi gara. Badugu batzen gaituen beste elementu bat; bizi dugun defizit demokratikoa. Euskal Herria goren mailako aitortza politikorik gabeko nazioa da, bi Estatuen menpekoa. Beraz, komunitate historiko bat osatzen dugu, identitate eta berezko ezaugarri ekonomiko zein sozialak dituena, baina, botere eta burujabetza nahikorik ez duena egungo testuinguruak eta euskal jendarteak eskatzen dituzten moduko politikak gauzatu ahal izateko.

Europa osoan ematen diren politika neoliberal eta austerizidioek eragina dute gugan. Baina, esango nuke aldagai ezberdinekin. Batetik, Espainian zein Frantzian nagusitzen diren sektore kontserbadoreek, emakumeon emantzipazioaren kontrako leloak zabaltzen dituzten horiek, ez dute gugan hedapen berdina. Nahiz eta Nafarroan antzeko ezaugarriak dituen sektorea botere faktikoa den oraindik eta, adibidez, Skolae moduko hezkidetza plana, nazioartean saritua, hezkuntza komunitatearekin eta feministekin burutu dena, epaitegira eramateko gai izan diren.


 

"Burujabetza botere eskala gerturatzea da eta Euskal Herria indar harremanetarako borroka esparru nagusia bilakatzea da. Eta eskala honetan irabazten dugu."

 

Bigarrenik, eta hau litzateke garrantzitsuagoa, Espainia eta Frantzia defentsiban dauden Estatuak dira, identitate eta egitura krisi larria bizi dutenak, ezker mugimendua barne. Euskal Herria berriz, aurrera doan komunitate historikoa da, Estatu bilakatzeko ibilbidean proiektu berria eskaini dezakeena, inklusiboa eta berritzailea. Eta Euskal Herrian ezkerra egiazko alternatiba da, politikan zein sindikalgintzan, testuinguru sozial berriari hobeto erantzuteko eta bere burua egokitzeko gaitasuna erakutsi duena eta erakusten jarraitu dezakeena. Estatuak defentsiban daude beraz, eta Euskal Herria berriz, Euskal Herriko eremu administratibo bakoitzak, aurrera begira kokatuak daude. Sortzen eta eraldatzen dauden errealitate politikoak dira. Aukeraz betetakoak.

Hau esanda, begiratu dezagun lurralde administratibo bakoitzari, egoera ezberdinak ematen direlako. Uste dut eztabaida eta jardun feminista egoera hauetan lurreratu behar direla gehiago, politikan eragin eta errealitate berriak sortu nahi baditugu. Askotan, aldarrikapen zehatzak eta diskurtso ideologiko handien artean aritzen garelako.

Hego Euskal Herriko emakumeoi 70-80ko hamarkadetan onartu zitzaien formalki oinarri oinarrizkoak diren eskubide politiko eta ekonomikoak. Hala nola, bozka, banaketa edo lan munduan murrizketarik eta baldintzarik gabe aritzeko eskubideak. Espainiar Estatuak, emakumeon mugimendua bultzatuta eta Europar Estatuekin parekatzeko helburuarekin eman zituen urrats hauek. Hau da, behartuta ezarriak eta Europarekin alderatuta berandu eta trakets, emakumeon aukera berdintasuna bultzatzeko lehen instituzio, plan eta aldaketa legislatiboak ikuspegi historiko batetik orain gutxikoak dira eta heldutasun maila batera iritsi direnean neoliberalismoarekin eta feminismoaren kontrako erreakzioarekin egin dute topo. Emakunde eta Nafarroako Emakumeon Institutua ondoren sortuko dira.

Nafarroa Garaian Europan dagoen elite kontserbadore eta misoginoenak gidatu du politika publikoa. Urte hauetan, OPUS eta familia tradizional hetero-patriarkala hauspotu da, eta, besteak beste, abortu eta antikontzeptibo eskubidea oztopatu da. 2015ean Aldaketa Udaletara eta Parlamentura iristen da, eta esparru honetan urrats kualitatiboak ekarriko ditu. Nik hiru azpimarratuko nituzke. Lehena, duen balore sinbolikoagatik, osasungintza publikoan abortatzeko eskubidea bermatu izana da, OPUS eta sektore kontserbadoreen beto eskubideari muga ezarriz. XXI. mendean! Bigarrena, Nafarroako Berdintasun Institutua familia politika departamenduaren azpi sail izatetik, politika autonomoak eta transbertsalak egiteko gai litzatekeen Institutu izatera pasatzea. Hirugarrena, azken momentuan eta ez guk nahiko genukeen moduko sakontasunarekin seguraski, baina, sexuen arteko berdintasunerako legea lehen aldiz ezarri izana da, honek marko berri bat ezartzen baitio Nafarroako politikari. Aldaketak ezin izan du Espainiako austeritate politikek esparru honetan ere ezarri duten aurrekontu murrizketari aurre egin, baina, egoera berria eraiki da, zalantzarik gabe. Oraingo testuinguru korapilatsuan adi egon beharko gara.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez berriz, EAJ eta PSE-EEren gobernu akordioaren baitan, berdintasun politiken inguruko aipamen batzuk egiten dira, baina, ez dira konpromiso zehatzak hartzen. Badago halako burokrazia instituzionalizatu bat, planak egiten dituena, baina, plan hauek ez daukate konkreziorik emantzipazio bidean, ez dira eraldatzea ezinbestekoak diren oinarrietara joaten, ez enpleguan, ez kulturan, ez hezkuntzan ezta gainontzeko esparruetan ere. Antzeko zerbait gertatzen da aurrekontuekin, sexuen arteko parekidetasuna bultzatzeko borondatea agertzen da baina diruz ornitu gabeko planak dira. Bestetik, ez dago ebaluaziorako borondate politikorik. EAEko Legebiltzarrean oso nabaria da hau. EH Bildu eta Elkarrekin-Podemosen aldetik ebaluazio errealerako eskaera egiten delako, neurrien eta inbertsioen eraginkortasuna jakiteko asmoz. Gainontzeko alderdiek berriz “egiten uztearen” politikan daude: egiten ari denari jarraipena eman, justifikatu instituzio horiek sexuen arteko berdintasunaren alde egiten dutela, baina benetako emaitzen ebaluazioa aurkeztu gabe. Hau guztia, patriarkatua bir-produzitzen duen sistema kudeatzen den bitartean.

Lurralde honetan, Estatus Politikoa berritzeko prozesuari begiratu behar zaio ere. Nago, euskal feminismoan prozesu honi ezartzen dizkiogun helburuak izendatu gabe ditugula. Gure hitzekin, anbizio propioarekin. Euskal jendartearen bizi modua antolatuko duen Paktu Sozial berria, erabakitzeko prozesua izan beharko luke. Eztabaida demokratikoa izan behar dena bahitua dago parlamentuan eta ez da ireki nahi, ez da kezka sozialekin lotu nahi. Azken finean ez da euskal jendartearen anbizioa eta espektatiba hauspotu nahi.

Ipar Euskal Herriaren egoera ezberdina da. Frantziar Estatua sendoagoa da eta babes sozialak osoagoak dira oraindik, nahiz eta sistemaren eraldaketa osoa ekarriko duen prozesuan murgildua egon. Baina, parekidetasunaren aldeko politika berezituetan eta hezkidetzan, sexualitate politikan edota indarkeria sexistaren kontrako protokoloetan adibidez urrunago dago EAE edo oraingo Nafarroa Garaiarekin alderatuta. Frantzian, beste kultura politiko bat nagusitzen da.

2017an Herri Elkargoaren osaketarekin marko berri bat sortuko da Ipar Euskal Herrian. Eta lehen aldiz, sexuen arteko berdintasunerako politikak, norabideak eta errekurtsoak mankomunatu eta kudeatu ahalko dira elkarrekin. Murrizketa garaian hau oso garrantzitsua da. Instituzio honek euskal feministon arteko elkarlanari atea irekitzen dio ere. Hegoaldeko esperientzia eta bitartekoak eskaintzeko, indarkeriaren esparruan edo zehar lerroko bestelako politiketan. Ipar Euskal Herriaren instituzionalizazioak egoera berria sortzen du beraz, aukeraz betea. Gaur gaurkoz, indarkeria sexistaren kontran eta parekidetasuna bultzatzeko adierazpen eta erabaki batzuk hartu dira, baina ez dira urrats askorik eman. Aukera sortu da eta orain profitatu behar dugu.

 

Testuinguru berdinean ikusten eta bizitzen ari gara pribatizazio eta demokrazia defizit izugarria, zaintza lanen esplotazioa, indarkeria matxisten agerpen etengabeak… baina baita era berean, mugimendu feministaren mobilizazio erraldoiak, gazteen (eta ez hain gazteen) politizazioak, balore sistemen eraldaketak… Gure genealogia feministei begiratuz, hiru zapalkuntza borroka bakarra hartatik asko dira egindako eta desegindako bideak, transbertsalak eta anitzak dira ere egungo Euskal Feminismoak.


Emakumeon genealogiak oso inportanteak dira, euskal jendartean epealdi oso ezberdinak bizi izan dituzten emakume belaunaldiak bizi direlako. Belaunaldi bakoitzak bere esperientzia eta memoria du eta bakoitzak bere erara bultzatu du emantzipazioa, askotan erabaki txikiekin. Gure amonek ikastera bultzatu gintuzten, gizonen soldataz menpekoak izan ez gintezen, gure amek ume gutxiago izatea erabaki zuten, beren bizitzak bizitzeko eta, besteak beste, gu anai arreben zaintzaz arduratu ez gintezen. Eta orain gure alaben erradikaltasun feministak harritzen gaitu. Euskal familietan bizi izan dugun esperientzia honi, kanpotik etorri diren emakumeen bizipenak elkartu behar zaizkio. Emakume bizipen eta errealitate ezberdinak daude Euskal Herrian.

 

"Duela 20 urte feminismoa ez zen arrisku bezala ikusten. Nik uste, gizon sektore batzuk ez ziotela honek ekarriko zuen eraldaketari dimentsioa hartzen."

 

Euskal Herriko mobilizazio feministaren transbertsalitatean ikusten dira ezberdintasun hauek. Baduzu pentsio baxuengatik mobilizatzen direnak, pentsioek dakarten karga patriarkalaz jabetu diren emakume adindu horien esnatze feminista. Baduzu soldata arrakalaren kontzientzia hartu duten emakume horien haserrea. Baduzu sektore prekarizatuetan dauden emakume horiek sindikalgintza berri batekin topatzerakoan eraikitzen ari diren klase ikuskera eta harrotasuna. Baduzu etengabe ematen den indarkeria sexistaren kontra “nahikoa da!” esaten duen jendea. Eta hauekin batera, badira beraien identitatea, etika eta mundu ikuskera feminismoan oinarritzen duten emakume gazte guzti horiek. Beraz, Euskal Herrian ematen den mobilizazio feminista oso transbertsala eta oso norberaren bizipenetik bizitakoa da eta honetan artikulazio eta diskurtso ideologiko ezberdinak ematen dira. Hau izugarria da. Bizipen hauek oso materialak direlako, egiazkoak direlako, eta haserretik ari dira bideratzen. Egiazko mugimendu baten aurrean gaude, honek duen potentzialitate eraldatzailearekin.

Mugimendu honek eztabaida feminista dikotomiko klasikoak gainditzen ditu. Zer lehenetsi, berdintasuna edo eraldaketa? Materiala edo identitatea? Generoa edo sexua? Euskal Herriko emakumeek denean ezartzen dute gakoa eta ondorioz euskal feminismoak ezin du adibidez ideologia feministaz soilik hitz egin, bizi baldintzez edo lan eskubideez eta politika publikoez aritzen da ere. Euskal feminismoaren ahotsak besteak beste funtzionarioen, pentsiodunen, etorkinen eta ijitoen aurpegia du. Eta honekin batera emakume askok eskatzen duten erraldikaltasun feministari erantzun behar zaio.

Feministok badugu erronka handi bat testuinguru honetan. Kalera eta protestara irteten diren emakume guzti horiek eskatzen dutena entzuteko erantzukizuna dugu. Entzun bakarrik ez, eskaera hauek agenda komun batean barnebiltzeko erantzukizuna dugu. Askotan primarioa, oso materialak edo partikularrak diren eskaerak bultzatuta mobilizatzen gara eta hau maila batean feminismoak zapalkuntza edo sistemaren eraso ezberdin hauek problema bilakatzeko gaitasuna eskaini digulako izan da. Feminismoak naturaltzat, sekundarioak edo asumigarriak ziren egoera asko politizatu ditu eta aldatu beharreko eraso bezala sentiaraztea lortu du. Problematika hauei erantzutea lehenetsiko nuke, ideologikoagoak diren agenden gainetik.

Uste dut gainera, feminismoak baduela emakumeon agenda transbertsal honi erantzuteko gaitasun nahikoa. Gaitasun teoriko eta zientifiko nahikoa. Euskal Herriko feminismoan ahots ezberdinak daudela, akademiakoak, sindikalistak, hautetsiak, internazionalistak, gazteak. Feminismoa ez dela ideologia bakarrik, dagoeneko zientzia bihurtu dela. Patriarkatua irakurtzeko, egungo testuingurua ulertzeko eta emantzipazio bidean sakontzeko geroz eta tresna zientifiko gehiago eskaintzen dizkigula.

Honek estrategia feministan salto bat ekarri behar du, trantsizio feminista bultzatzeko geroz eta oinarri gehiago ditugu. Lehen askotan esaten genuen: “feminismoak lortu du erreferente izatea, baina ez dauzka oraindik trantsizio feministarako tresna zientifikoak, ez da proiektu edo ideologia oso bat bilakatu. Komunismorako bidean Sozialismo eredu ezberdinak ditugu, Estaturik gabeko Nazioentzat deskolonizazio eta Estatu demokratikoen teoriak ditugu. Patriarkatutik feminismora trantsizioa burutzeko tresnak eta ibilbidea bilatu behar da”. Eta ibilbide hau proposatzeko eta egiteko egun gaitasuna dugula uste dut. Ekonomia feministatik, hezkuntzatik edo demokrazia liberalen berrazterketa feministatik. Trantsizio hau Euskal Herrian kokatu behar da eta gure komunitateak bizi duen defizit demokratikoa borrokatu beharko du. Ezin du kontestu historiko eta politiko honetatik abstrakzioa egin.

 

Nola elikatzen edo aberasten du feminismoak prozesu independentista? Edo nola elkar elikatzen dira?


 

Nire ustez galdera beste modu batean formulatu behar da: burujabetza prozesuak zer eskain diezaieke kalean eta protestan dauden milaka emakume horiei beraien bizitza duinago izan dadin? Beraien nahiak edo bizi xedeak bete daitezen? Eta fokua aldatuz, posible al da estrategia feminista bat politika feminista burutzeko botererik gabe? Posible al da adibidez soldata arrakalaren edota lan segmentazioren kontrako neurriak gauzatzea lan harremanak arautzeko gaitasunik gabe? Nire uste apalean ez eta iritzi berdina dute eragile feminista askok.

Ezker abertzaleak ekarpen bat egin nahi izan dio Euskal Herriari estrategia aldaketa bultzatuz. Euskal Errepublika eraikitzeko “Orain da momentua” esan genuen. Besteak beste, euskal jendartean dagoen pultsio eraldatzailearekin konektatzeko momentua zelako. Ziklo armatuaren bukaerak gauza asko eragin ditu, eta nik bat azpimarratu nahi dut hemen: aldaketa sozialaren esparruan aritzen garen eragileen artean dialektika berri bat eraiki da, hizketaldi berri bat.

 

"Ezker abertzaleak asmatu du bere ekosistemaren araberako prozesu eta erritmo bat eramaten. Gu ez gara mugimendu feminista."

 

Hizketaldi honetan feminismoak abertzaletasuna tradizioarekin eta nazio identitatearekin baino emakumeen borondate demokratikoarekin lotu behar dela azpimarratu du. Emakume asko Euskal Herriaz dugun iruditegi historiko eta sinbolikoarekin ez direla lotu nahi. Estrategia subiranista des-tradizionalizatu eta des-patriarkalizatu behar dela. Baina, emakume hauek Estatu berri baten eraikuntzan bat egin dezaketela, elkartasun soziala helburu duen eta sexuen arteko harreman berrietarako politikak bultzatuko duen Estatu baten alde.

Emakumeok kategoria bezala, edo feminismoa esan dezakegu, indibidualizatu behar izan gara emantzipazioan abiatzeko. Borondate propioa duen aktorea bilakatzeko, gure geroa familia eta komunitate politikoen kateetatik askatu behar izan dugu. Hegan egin ondoren, feminismoa eta emakumeok komunitatera bueltatu garela uste dut. Baina, bizitza zentroan ezarriko duen komunitate politiko bat aldarrikatuz. Hau dena, termino figuratiboan diot, emakumeok izan garelako eta bagara jendartearen sustengua.

Feminismoak modu honetan abertzaletasuna indartu eta ber-idazten duela uste dut. Feminismoa neoliberalismoak bultzatzen duen indibidualismo abstraktu eta sozialki deslotuaren sendagarria izan daitekeela. Harreman sozialen, komunitatearen, zaintzaren eta herriaren garrantzia indartuz. Era berean, euskara, historia eta tradizioak ber-irakurtzen dituela ikuspegi demokratiko batetik.

Estatuaren zapalkuntzaren adibideak ugaritzen doazen honetan, non Espainiar proiektuaren aurpegi kontserbadoreena eta anti-demokratikoena azaltzen ari zaigun, estrategia soberanista ezinbestekoa da. Bultza dezagun burujabetza bi pultsio hauetatik. Nazio eskubideetan oinarritzen den pultsio autodeterministatik. Eta aldaketa aldarrikatzen duen pultsio heterogeneo eta zabal honetatik. Politizazio maila ezberdinak duen gehiengo sozial horretatik, erabakitzeko eskubidea eta Paktu Sozial berria aldarrikatzen duen pultsiotik.

Burujabetza botere eskala gerturatzea da eta Euskal Herria indar harremanetarako borroka esparru nagusia bilakatzea da. Eta eskala honetan irabazten dugu, demokraziak eta feminismoak irabazteko aukera gehiago dute. Badakit, Estatu egiturak lortzea ez dela nahikoa, baina, berauek gabe ezinezkoa izango da trantsizio feminista. Lagun feminista askok, eraldaketa txikiaz, gorputzetik lokalera doan korronte askatzaileaz galdetuko didate. Eta bai, emantzipazioa orainarekin, tokikoarekin eta norberarekin lotu behar da. Baina, horrekin batera, feminismoak proiektu osoa izateko beharra du, urgentzia du. Bere potentzial askatzailea jendarte osora hedatzeko aukera izan behar du. Politika bere zentzu zabal eta orokorra bere egiteko beharra du.

Galdera berrartuz feminismoak zer ekartzen dio independentismoari? Gauza asko. Lehenengo eta behin konbikzio politikoa. Errealitatea begiratzea besterik ez dago, harreman sozial berriak eraikitzea, eredu sozioekonomiko berri baterantz abiatzea urgentea da. Feminismoak konbikzio politikoa ematen digu, emakume askorentzat feminismoa eguneroko gasolina da, burujabetza prozesuan buru-belarri murgiltzeko arrazoi nagusiena. Neo-autonomismoan eroso dauden horientzat independentismoa aukera bat da. Guretzat, gaur gaurkoz, ibilbide bakarra edo ibilbide zuzenena.

Bestetik, feminismoa errealitatea begiratzeko modu bat ere bada, feminismoa diskurtsoa bat da, sentsibilitate bat. Bizitza zentroan kokatzeko ahalegina. Feminismoa jendartearekin lotzeko, ulertzeko eta eraldatzeko.

 

Eta elkar elikatze horretan, Sortuk ere barrura begira ze etxeko lan ditu eta zer erronka ditu?

Orain dela hogei urte, ezker abertzaleak bere egituran eta ildoan feminismoa txertatzeko konpromiso antolatua hartu zuen. Honen bidez, erakundeetan modu transbertsalean, emakumeon parte hartzearen alde, parekidetasunaren alde bitartekoak eskaini ziren, planak martxan jarriz eta abar. Ordutik, bidea oso desorekatua izan da erakundeen arabera. Besteak beste, ilegalizazio prozesu bat pairatu dugulako tartean, transmisio politikoa, militante jarduera iraunkorra eta egiturak beraiek eguneroko biziraupenetik harago joan zitezkeen planen artikulazioa oztopatu duena. Ilegalizazio sistematikoa pairatu dutenek -egitura politiko eta gazte antolakudeak nagusiki- nabarmen pairatu dute.

Garaian ezker abertzaleko zuzendaritzak honen aldeko apustu garbia egitea kostatu zitzaigun. Oso prozesu barneratzailea egin behar izan genuen, nahiko luzea, erakundez erakunde herrietako militanteekin, kuadro politikoekin eta zuzendaritzako kideekin. Erakundeak euskalduntzeko aurretik hartu zen erabakiarekin bezala, gure burua feminista bilakatzeko eta emakumeen parte hartzea bultzatzeko halako planak behar zirela ikus zezaten. Baina, orduan feminismoa ez zen arrisku bezala ikusten. Nik uste, gizon sektore batzuk ez ziotela honek ekarriko zuen eraldaketari dimentsioa hartzen eta ez zirela botere harremanak zalantzan ezartzen. Orduan feminismoa ez zen zerbait deserosoa. Ez zituen kultura eta jarduera militante batzuetan arrakalak sortzen. Batzuetan aitortza kosta zitzaigula sentitzen genuen baina gero bitartekoak eskaini eta egiten uzten ziguten. Egun nik horrelako zerbait sumatzen dut Emakunderekin. Permisibitatea, infantilizazioa edo irudiaren politika. Kostatzen da Gobernuaren oniritzia lortzea, aurrekontu mugatua ematen da eta uzten diote egiten. Irakurtzen dituzu Emakundek ateratzen dituen gauza batzuk eta nabaritzen da gobernu kideek ez dituztela irakurri, bestela arrakalak sortu beharko lituzke.

 

"Ezker abertzaleari eskatzen dioguna da estrategia eraginkorrak aldaketa sozial eta politikoa gauzatzeko. Horretarako gaude ezker abertzalean."

 

Azken urteetan, jarduera politiko normalizatu bat egiten hasi garenean, plan feminista berrartzen denean, zer gertatzen zaigu? Hori jadanik jendarte aldatu batean ematen dela eta testuingurua oso bestelakoa da. Jendarte bat non sentsibilitate feminista handiagoa den eta eragile mistoak, ezker abertzaleko antolakundeak barne, interpelatuak sentitzen dira feminismoarengandik eta mugimendu feministarengandik. Jadanik feminismoa problematikoagoa da. Feminismoa gure jardueran eta gure markoetan txertatzeak benetan arrakalak sortzen ditu. Konplikatuagoa da berau barneratzea eta gatazka gehiago sortzen du gauza batzuetan. Ez bakarrik inbertsioen ikuspegitik, baizik eta zalantzan jartzen direlako kultura militante batzuk, denboren erabilera eta baita lidergo mota batzuk ere. Erosoak diren esparru batzuetan aldaketak egitea eskatzen duelako eta gu geu eraldatzea suposatzen du hein batean.

Agian mugimendu feministak esan dezake: “kostatzen ari zaizue”. Baina ezker abertzaleak asmatu du bere ekosistemaren araberako prozesu eta erritmo bat eramaten nere ustez. Gu ez gara mugimendu feminista. Gu erakunde politiko misto batzuk gara eta gure estrategia, aldarrikapenak eta ezaugarriak direnak dira. Hemen gauden emakume feministak sinistuta gaude ezker abertzalea dela momentu honetan bitarteko ezinbesteko bat beste sektore eta beste pertsona batzuekin feminismoa eraikitzeko, Euskal Herriak behar duen ibilbidea bultzatu ahal izateko. Artikulazio politiko eta sozial berriak bultzatzeko. Ez diogu eskatzen ezker abertzaleari eragile feminista autonomo bati eskatuko geniokeena. Ez feminismoaren ikuspegitik, ezta politikaren ikuspegitik ere. Ezker abertzaleari eskatzen dioguna da estrategia eraginkorrak aldaketa sozial eta politikoa gauzatzeko. Horretarako gaude ezker abertzalean, estrategia eraginkor horiek bultzatu ahal izateko. Eta zalantzarik gabe hau feminismoa zentroan ezartzen egin behar da. Batzuetan feminismo autonomotik ikuspegi honetatik egin beharreko interpelazio gutxi nabaritzen dut. Ezkerreko independentismoari prozesu politikoa eskatu behar zaio.

Beraz, ekosistema eta funtzio politiko hori aintzat hartuta, guk prozesu bat martxan jarri dugu berriz ere feminismoa horren zentrora eramateko. Argi dugu ez dela onarpen formal hutsean oinarritzen den prozesua, eraldaketa sakona ekarri behar duena baizik, eta ibilian ari gara. Nik uste dut eraginkorra izaten ari dela, aberatsa, denok ukitzen gaituen prozesua baita. Era berean, kontraesanak eta tentsioak aurreikus ditzakegu bidean, eta horiek ere naturaltasunez kudeatu behar ditugu.

 

Azkenik, zein dira Euskal Herriko *emakumeon erronkak? Zein dira eremu ezberdinetan lanean ari garen *emakumeon erronkak? Zeintzuk independentista, ezkertiar eta feminista bezala parean ditugun erronkak?

Borroka feministan ez dago erronka bakarra eta guztiek ez dugu erantzukizun bera. Azken urteotan indartzen eta zabaltzen ari den emakume uholde horren erronka aldaketa esanguratsu eta kualitatiboak ematea izatea beharko litzateke. Lortu duen transbertsalitatea ikusita, duen mobilizazio gaitasunarekin eta eskuratu duen bisibilizazio maila ikusita. Emakumeok indar-korrelazioen tendentzian eragiteko gaitasuna izan dezakegu? Zaila da, oso aldarrikapen ezberdinak eta sentsibilitate ezberdinekin elkartzen garelako mobilizazio hauetan. Oso transbertsala eta partikularra da emakumeok eskatzen duguna. Eta oso handia da aurrean dugun pareta. Saiakera egin dezakegu ibilbide komun batean, oinarrizko aldarrikapen batzuk izendatzeko? Jendarte osoa blaitzen duen xirimiri feministak sistema biluztea bultza dezake arropaz alda dezan?

Emakumeok sortzen dugun mugimendua eta dinamika gauza bat da eta mugimendu feminista autonomo eta antolatua beste bat. Euskal Herriko mugimendu feminista inoiz baino kohesionatuagoa dagoela ematen dit, sororitate izugarria antzematen dut. Momentu honetan mugimendu gisa bete nahi duen funtzio politikoa zehazten dagoela ematen dit. Eta esango dut, ez dago aukera bakarra. Are, ez funtzio zilegi bakarra ere. Instituzioen aurrean presio politikoa, salaketa eta aldarrikapena lehenetsi dezake, askotan egin duen bezala. Egituretan eta akademian funtzio propositiboan sakontzen jarraitu dezake. Edota, izaera erradikalagoa, apurtzailea, zirikatzailea izan dezake. Historia hurbilean hau dena egin du, testuinguru politiko bakoitzean funtzio bat edo beste nagusitu delarik. Eztabaida hau mugimendu feministan dauden eragileei dagokie. Nik esango nuke alternatiben garaia dela, baina, maiuskulaz idazten den alternatibena, egituraren aldaketa ekarri behar dutenak. Eta mugimendu feminista autonomoak badu gaitasuna eskaintza eta proposamenak bideratzeko honen bidean, baina behar du orain arteko erradikaltasuna mantendu, egitura eta harreman sozialak eraldatu behar dira eta honek eztabaida politikoan eragitea eskatzen du. Baina, kultura politiko errebelde bat mantenduz, normalitate instituzionala zalantzan ezarriz. Maiuskulaz idazten den alternatiba horren eraikuntzan ezker independentismoa topatu behar du bide lagun bezala.

Mugimendu feminista autonomoak hartuko ditu nahi eta ahal dituen erabakiak. Eta mugimendu politiko mistoetan gauden emakumeok geureak hartu behar ditugu. Politika esparru hauetan gauden feministok gureari erantzun behar diogu, inor itxoin gabe, feminismo autonomoari begiratzen egon gabe. Euskal jendarteari eta euskal emakumeoi zuzenduz. Hau da, erakunde mistoetan gauden feministok profil propioa izan behar dugu, indibidualismo demokratikoen jendarte konplexuetan, feministok lidergo politikoa hartu behar dugu, botere eta politika esparru ezberdin hauetan. Badakit neketsua dela, kostu handikoa, pertsonala zein politikoa. Baina, egoera sozialak eskatzen duela uste dut.

Hau da, nik uste dut subjektu feministen inguruko eztabaida historikoan salto bat eman behar dela. Feminismoak guztiak behar gaitu, esparruen arteko osagarritasuna ezinbestekoa da eta ez da inoren esklusibitatea, trantsizio feministaren erantzukizuna guztiona da. Zentzu honetan ezker indepentismoan edo subiranismoan kokatzen garen feministon arteko aliantza inoiz baino beharrezkoa da. Osoa den sistemari ikuspegi oso batekin erantzuteko. Esparru ezberdinetatik eraldaketa bultzatzeko.

Beraz, nik uste dut erronka desberdinak direla erantzukizun eta ezaugarrien arabera. Baina denok dugu gure erronka