EKOLOGIAK

Erria

Energia trantsizioa Euskal Herrian: zenbaketa garbiak

2022-08-19

Europako Batasunak bere buruari jarritako erronkaren arabera, 2050erako energia fosilen erabilpena desagertu behar da. Horretarako estrategiak bi zutabe garrantzitsu ditu: efizientzia energetikoa biderkatzea eta berriztagarrien ekoizpena biderkatzea.


Argazkia: Appolinary Kalashnikova

 

Planeta 1 ́5 gradu baino gehiago berotzeak izango dituen ondorioak gizateriarentzat latzak izango direla irudikatzen hasiak gara gutxiasko denok ere. Klima esponentzialki berotzea eragiten ari den CO2 gasen isuriak korrelazio zuzena du energiaren kontsumoaren gorakadarekin. Isuri horien %84 baliabide fosilek eragindakoa da. Europako Batasunak bere buruari jarritako erronkaren arabera, 2050erako energia fosilen erabilpena desagertu behar da. Horretarako estrategiak bi zutabe garrantzitsu ditu: efizientzia energetikoa biderkatzea eta berriztagarrien ekoizpena biderkatzea.

Auzia ez da hain sinplea ere, ordea. Egun kontsumoaren %23a soilik da elektrikoa. Ekonomiaren elektrifikazioa ezinbestekoa izango da baina gaur dugun energia kontsumo maila ezinezkoa da energia berriztagarriekin ordezkatzea. Beraz, estrategia horrekin batera ezinbestekoa izango da sakoneko kultura aldaketa bat bultzatzea energia kontsumoa murrizteko; horrek eragin zuzena du gure produkzio eta kontsumo ereduan, bizitzetan eta ohituretan. Kapitalismoa jasangaitza da eta deshazkundearen bidea jorratu beharko da derrigor.

Aldiz, hori ez da bere kabuz etorriko. Trantsizioa egin egin behar da eta horretarako proposamen politiko sendoak behar dira eta kontraesan ugari kudeatu beharko ditugu.

 

Egun kontsumoaren %23a soilik da elektrikoa.

 

Erronkaren tamaina itzela da, hurrengo 30 urteetan gure ekonomia deskarbonizatu nahi badugu beroketa globala galgatzeko. Hego Euskal Herrian urtero %7 ́5 murriztu behar ditugu CO2 isuriak, planeta 1 ́5graduko langatik gora berotzea nahi ez badugu. Baina ez hori bakarrik; energia burujabetzaren ikuspegitik ere erronka tamaina berekoa da. Hego Euskal Herrian, energiaberriztagarrien kontsumoa %14,10 da (11,4 Twh). Gainontzeko guztia fosilak eta nuklearra dira eta egun 3.000 Mw energia berriztagarri baino ez da ekoizten Hego Euskal Herrian.

 

Zenbakiak argiak dira. Aurreko infografian Zumaiako esperientziak argi uzten duenez, autokontsumoa sustatzearekin ez da aski. Zumaiak 10.000 biztanle ditu; Bilbo handiak 1.000.000. Beraz, eskala ezberdinetako proiektuak sustatu beharko dira aldi berean, fotoboltaikoak eta eolikoak batez ere, horiek baitira berriztagarrien artean eskala handian instalatzeko potentzial handiena dutenak gaur gaurkoz.

EH Bilduk kalkulu batzuk egin ditu: kontsumitzen dugun energiaren %80 bertan ekoiztua izan dadin (beraz, %20 kanpotik ekarrita) eta kontsumoa heren bat jetsita ere, egun baino 70.000 Tw berriztagarri gehiago behar ditugu trantsizioa gauzatu eta ekonomia deskarbonizatzeko.

Horretarako, hurrengo 30 urteetan 38.399 Mw berriztagarri instalatu beharko lirateke (urteko 1.323 Mw), 47.600milioi euroko inbertsioa eginda (egun 3.000 Mw soilik ditugu instalatuta). Hau da, egungo kontsumoaren erdia ekoizteko ere, edo beste era batera esanda, kontsumoa erdira jetsita ere, erronka kolosala da.

Argi dago erronka honi ezin diola merkatuak bere kabuz erantzun trantsizioa justua eta demokratikoa izango bada. Gidaritza publiko sendoa behar da eta burujabetza energetikora bidean, burujabetza politikoa beharko dugu. Merkatuen eta lobbyen interesen aurrean, bioaniztasunean azpiegitura hauek duten inpaktua minimizatzeko, lurraldearen planifikazioa ezinbestekoa da.

Hau da; non kokatuko ditugu haize errotak eta eguzki plaka baratzeak? Halako azpiegiturak gure paisaiaren parte bilakatu beharko ditugu.