EDITORIALAK

Erria

Bide urratzaile izateko gara

2022-12-15
ES    FR


Amets egiteari uko egitea da azkena. Input negatiboak soilik jasotzera ohitzen ari gara gorreria soziala areagotuz. Berri txarrak soilik entzuteko hobe albistegirik ez ikustea. Kontrara, alaitasun eta poztasun abstraktu baten performance etengabean bizi garela dirudi. Bizi zaitez pozik, ez kezkatu, ez kexatu, dena ongi doa.

Hamarkada erabakiorrean sartuta gaude, ordea. Zibilizazio gisa zein herri gisa aurretik ditugun erronkak gelako elefantearen tamainakoak dira. Eskubide guztiak guztiontzat printzipio gidari izanda, eskubideen paleta zabaltzeko gai izango ote garen edo kontrara, erregresio latz baten eta, beraz, ezberdintasun sozialen eta segregazioen areagotzearen bidez aterako ote garen gelatik, hori da galdera nagusia. Eskubideetan aurrera egin, ala atzera bueltatu.

Erriaren 10. zenbaki honetan lau ardatzetan sakondu nahi izan dugu. Euskararen biziberritze eta berreskurapen prozesuan aurrera egiten dugun edo atzeraka goazen dago jokoan hurrengo hamarkadatan. Zaintzari dagokionez, mugimendu feministak azken olatuan bildu duen indar hegemonikoa lorpen material bilakatzeko gai izango ote garen edo ez dago jokoan. Zerbitzu publiko sendo eta unibertsalen neurrien ekarpena onuragarria eta historikoa litzateke zalantzarik gabe, zaintza sistema publiko komunitarioa eraikitzen hastearekin batera.

Krisi ekologikoak goitik behera zeharkatzen du zibilizazioaren eta gure herriaren biziraupena. Trantsizioa martxan dago, norabidea borrokatu behar da, gehiengoen mesederako izan dadin eta ez gutxi batzuk aberasten jarraitzeko negozioa, horren ondorioz arrakala soziala areagotuz. Horrez gain, Euskal Herrian maiz aldarrikatu prozesu konstituziogileen ezaugarriak aztertu ditugu, egungo esperientziak irakurriz, gure eskalan aurrera begira nola pentsatu asmatzeko.

Zereginen zerrenda luzea da baina hauei ere erantzun behar diegu herri gisa. Eta aldiz, behar besteko tresneriarik gabe ekin behar diegu borroka horiei. Askapen prozesuak jauzi bat eman behar du XXI. mendean ditugun erronkei sendotasunez aurre egingo badie. Borroka horiek jauzi horretarako palanka bilakatu behar ditugu, horietan ematen dugun jauzi kualitatibo bakoitzak independentziarako posizio hobean kokatuko baikaitu Estatu egiturak sendotuz. Eta guzti hori herriarekin batera egin behar dugu, beti bezala.

Input negatiboen garaiotan, borroka horietan guztietan zume berriak sumatzen hasiak gara. Eta ez kontraesan edo eztabaida gutxirekin. Indibidualismoaren korrontearen kontra, askapen mugimenduaren zeregina ez baita haizeak nondik emango bidea egitea. Bidea urratzea da gure misioa. Nekezagoa maizetan, noski. Baina ezinbestekoa, beti.

 

Itxura eta forma berrituta

Ohartzerako 10. zenbakira iritsi gara. Zenbaki borobilek ematen duten abagunea baliatu dugu berrikuntza batzuk egiteko. Aldizkariaren indargune nagusia dosierra izan dela jakinik, formatu hori indartzeko apustua egin dugu, gaiei sakontasun handiagoa emateko asmoz. Bestetik, irakurgarritasuna indartzeko helburuarekin, testuak sintetikoagoak dira. Horrez gain, eraldaketa prozesua biribiltzeko atal berriak sortu ditugu, irakurtaldian deskonprensiorako eta pentsatzeko tartea emanez. Espero dugu zuen gustukoa izatea.