SINADURAK

Igor Zulaika

EH Bilduko Nazioarteko Harreman eta Politika arduraduna

Mundua sutan dago, eta gu herri ukatu eta txiki bat gara

2025-07-03

Mundua toki ilun batera doala esatea ez da askorik esatea, egunero medioetan ikusten dugu nazioarteko egoera okertzen; medio nagusiek munduan gertatzen denaren ikuspegi partziala ematen badigute ere, ukaezina da gauzak ez doazela ondo herrien askatasunaren alde borrokan ari garenontzat.


Argazkia: 愚木混株 cdd20, Unsplash

 

Egiaztapen horrek ez gaitu itxaropena galtzera eraman behar, ezta gutxiago ere; gertatzen dena argi izateak, egin behar duguna argitzen lagundu beharko liguke. Beraz, eta modu laburrean, zer ari da gertatzen? Bigarren Mundu Gerraren ostean ezarritako instituzioak eta mekanismoak (multilateralismoa, nazioarteko zuzenbidea, Nazio Batuak, nazioarteko instituzioak…) modu argian abandonatu dituzte mendebaldeko potentzia nagusiek (mendebaldeko hainbat estatuk paradigma horiek bere onerako zirenean bakarrik errespetatu baditu ere).

Adibidez, azken urteetan AEBek eta Mendebaldeak argi utzi dute indarkeriaz aritzeko prest zeudela haien interesen alde: Irak, Libia, Siria… Errusiak Ukraina inbaditzean bere gaitasun militarra eta indarra erabiltzeko borondatea erakutsi ditu, mendebaldearen bortizkeriaren monopolioa hautsiz. Gerrak tabu izateari utzi dio.

Israelek Gazan genozidio bat burutu du munduaren begien aurrean, ondoriorik gabe, ordenu multilateralaren ezintasuna agerian utziz berriro ere. Jakin badakigu instituzio horiek ez dituztela orain arte genituen arazoak konpondu, eta Palestinan edo Saharan jokatu duten papera oso mugatua izan dela; baina nazioarteko zuzenbidearen alde egoten jarraituko dugu, Nazio Batuen eta bestelako antolakunde multilateralen alde lanean, datozen garaietan helduleku bilakatuko direlako inperialismoen eta basakeriaren aurrean.

Bizi dugun desegonkortasun horretan jendeak segurtasuna bilatzen du, eta, gaur-gaurkoz, olatu autoritarioak erantzuten dio behar horri, Europako sei ekonomiarik handienetan eskuin muturra botere exekutiboan edo gertu dago. Autoritarismoaren eta demokrazia liberalen arteko talka bat gertatzen ari da.

«Mundua sutan dago, eta gu herri ukatu eta txiki bat gara, eta batzuetan badirudi ez dugula horren aurrean eragiteko aukera handirik, baina  badugu iparrorratza, askapen prozesua, eta gure konpromisoa Euskal Herriaren askapen prozesuarekin»

Europako Batasunaren baitan olatu horrek indarra hartzen duen bitartean, Batasunak ez du proiekturik, eta kanpora begira bere interesen kontrako estrategia bat jarraitu du AEBen esanetara: Europa ekialdeko ezegonkortasunean (Armenia, Georgia, Ukraina…) eta Errusiarekin eta Txinarekin zituen zubiak apurtu.

Europa noraezean dago, barne adostasunik gabe eta norabide argirik gabe, momentuko gaiei momentuko erantzunak ematen dizkie, izan klima aldaketa, IA, edo gerra. Badirudi badagoela kezka puntu bat, Leta eta Draghi planek adierazten dutena, baina erabakirik ez dago.

Rosa Luxembourgek idatzia utzi zuen militarismoa kapitalaren metaketaren fase guztiekin eskuz esku joaten dela, eta zoritxarrez, badirudi Europan kapitalaren metaketaren fase honetan industria militarrari heldu nahi zaiola mozkinen tasak bermatzen jarraitzeko (eta diru publikoaren transferentzia etengabea azkartzeko), seguruena gerraren arriskuari muzin eginez.

Zoritxarrez, ezegonkortasun handiko garaiak datozkigu; ezin dugu aurreikusi zeintzuk izango diren hurrengo gerra eta inbasioak, baina orain arteko arauak aldatzeak, orain arte izoztuak egon diren gatazka batzuk berpiztu eta berriak irekitzera eraman gaitzake, indar harremanak aldatu eta ezinezkotzat jotzen ziren ekinbideei bide ematean. Etorkizuna iluna da, ez dugu dudarik. Mundua sutan dago, eta gu herri ukatu eta txiki bat gara, eta batzuetan badirudi ez dugula horren aurrean eragiteko aukera handirik. Baina gogora ekar dezagun iluntasun horren aurrean guk badugula iparrorratza, askapen prozesua, eta gure konpromisoa Euskal Herriaren askapen prozesuarekin daukagula: Euskal Herria burujabea izateak eta eredu sozioekonomiko zuzena eta ekologikoa izateak elkartzen gaitu.

Gau ilunenean, itsasoaren erdian itsasargiak eta izarrak izatea da onena, bidea definitzen lagunduko diguten printzipioak eta jokamoldeak. Guk baditugu, erreferentzia sakonak, gure askapen prozesuan oinarria dutenak. Ezker independentistak herrien alde egiten jarraituko du beti, herrien burujabetzaren alde eta injerentzien kontra; esaterako, santzio kolektiboen kontrako jarrera mantendu dugu (Nazioarteko zuzenbideak onartzen dituen salbuespenetan salbu, genozidioen kasuan, adibidez), herrien kontrako neurriak direlako.

Modu berean, bakearen alde eta gerraren kontra agertuko gara. Izan ere, herrialdeak inbaditzeak eta herriak okupatzeak arazoak areagotzea baino ez duelako ekartzen, konpontzetik urrun. Konbentzimendu osoz esan dezakegu armak bidaltzeak eta eskalada militarrek ez dutela bakea ekartzen. Gatazka politikoen aurrean, elkarrizketa eta akordioa konponbide egonkorrak erdiesteko erreminta bakarra direla uste dugu, eta horien alde egingo dugu. Gurea inperialismoaren kontrako jarrera da. Ezkerraren papera ez delako potentzia inperialista baten edo bestearen alde egitea, gaitz-erdiaren bilaedo, mundu hobe baten alde lerrokatzea baizik.

OTANen aurreko jarrera azpimarratu beharrekoa da, antimilitarismoan eta antiinperialismoan oinarritu zena: 1986an EH Bildun bat egin dugun tradizio politiko guztiak elkartu gintuen posizio bat da (Garaikoetxea Lehendakariak, EAJren baitan egonda ere, ezezko botoaren alde egin zuen; baita Herri Batasunak, Ezker Batuak eta egun EH Bildun lanerako espazioa topatu duten beste lagun askok ere). Herrien eta herri sektoreen Europaren alde egingo dugu, Europaren burujabetzaren alde; baina ez gaude prest autonomiaren izenean menpekotasun gehiago onartzeko, edo autonomiaren izenean neoliberalismoaren eta diru publikoen transferentzia gehiago egin daitezen.

Azkenik, egoera honetan ezin dugu pasiboki jokatu, ekimen politikoak bideratzea dagokigu; ez da erraza izango, aurrean izango ditugun erronken tamaina ez delako nola nahikoa izango, baina gure lana ez da kirol-esatariena, gu ez gaude gertatzen dena azaltzeko, gu dagoena aldatzeko lanean ari gara, gure txikitasunetik, baina beti gure herriaren eta munduko herrien alde lanean.