GOMENDIOAK

Erria

Araka ditzagun gure bazterrak

2022-06-21

Euskal Herriko Bilgune Feminista / Emagin,  Lisipe. Susa, 2022

Liburu hau eragileok dekolonialitatearen inguruan egindako hausnarketak, jasotako interpelazioak eta ibilitako prozesuak sistematizatzeko saiakera da eta emakume migratzaile eta arrazializatuak hartzen dituzte erreferentzia gisa, hausnarketa kolektibo baten isla da, eta erantzunak baino, galderaz beteta dago. Ardatz nagusiak arrazakeria eta dekolonialismoa dira, eta ildo horretatik gorpuztu dira itaun gehienak: Arrazistak al gara? Zein da arrazakeriaren aurkako borrokan egin behar dugun ekarpena? Zer da emakume zuri euskaldunoi ez dagokiguna? Nolako zubi edo aliantzak eraiki behar ditugu feminismoan emakume migratzaile eta arrazializatuekin? Zeintzuk dira herri ukatu gisa ditugun erronkak? Nolakoa izango litzateke Euskal Herri dekoloniala?

Dekolonialitatearen eztabaidak nondik nora zeharkatu zaien azaleratzeko, lau atal nagusitan osatu dute ariketa hau: lehen geltokian, ibilbide kolektibo nahiz pertsonalean bizi izan dituzten egoera zenbaitek eragindako klak horiek (haustura-egoera horiek) bildu dituzte eta arrakala horiek eragindako sentsazioak  batuz; bigarren atalean, klak horiek eragindako jakin-minetik zein deserosotasunetatik abiatuta, jardun feminista janzteko egin dituzten hausnarketak, ekimenakaliantzak eta esperientziak jasoz; hirugarren atalean, Araka ditzagun gure bazterrak Emakume* Abertzaleon VIII. Topaketa Feministetako kronika jasoz; eta azkenik, laugarren atalean, aurrera begira jarri dira, etorkizuneko lan-lerroak, asmoak eta praktika eraldatzaileak zirriborratuz.

Egileek adierazi dutenez, “ez da ariketa erraza gai honen inguruan hitza hartzea, ezta horretarako kokaleku egokia topatzea ere. Umiltasunetik egiten dugu, dena entzuteko eta dena ikasteko daukagula jakitun. Deserosotasunari eta kontraesanari iskin egin gabe, bertan gordetzen direlako korapiloak askatzeko bidezidorrik interesgarrienak. Askotariko begiradak gorpuzten, arrazakeria izendatzen eta gatazka politizatzen irakatsi diguten konpa migratzaile eta arrazializatuak dira gure erreferente nagusiak birkokatze-prozesu honetan. Bihoakie haiei geure aitortza eta eskerrik beroenak”.