SINADURAK

Maddi Isasi

Ernaiko kidea

Zer egin ezinegonarekin?

2020-11-30

Matxinada sozial baten aurrean gaude? Aspaldi ez genituela azken asteetan bezala Euskal Herriko kaleak hain mobilizatuta ikusten. Gure ingurura begiratu eta herritarrak, eta bereziki gazteak, haserre ikusten ditugu. Krispazio bat eta ezinegon bat piztu da azken asteotan gure artean. Ez da lehenengo konfinamenduko sentsazio berdina nabari.


Donostiko okindegi bateko kartela. Argazkia. Wikipedia Commons / Aioramu.

 

Arrazoi ugari daude egoerarekin nazkatuta egoteko; baina sentsazioa badut gure bizitzak arautzen, alarma egoerak ezartzen eta gure bizi baldintzak okertzearen aurka neurririk hartzen ez dutenen aurrean ezinegon bat egon badagoela. Gazteak haserre gaude kutsatzeen gorakadak eta ZIUak betetzearen ardura behin eta berriro gure gain jartzeagatik. Iberdrolako iragarkietan, El Correoko artikuluetan edo EITBko mahainguruetan gazteria kriminalizatuz, etengabe gaude fokoan.

Batzuek, askatasunaren bandera hartuta, norberaren zilborrera begiratu eta “eta ni(rea) zer?” aldarrikatzera atera dira kaleetara. Kontzienteki edo, beste kasu batzuetan, inpultsoak bultzatuta, baina negazionismoa besarkatzera eraman ditu egoera honek gazte asko. “Niños de papa” ugari ikusi ditugula ere nahiko agerikoa da.

 

«Orain erdigunean jarri behar duguna komunitatearen zaintza da»

 

Beste batzuek, ordea, “ezkutuko debekuan aurka” mobilizatzen dihardute. Inposatzen ari zaizkigun kontrol sozialaren aurrean askatasun politikoak (ia) soilik aldarrikatuz, egoerak errepresioa-askatasuna bikotetik harago duen konplexutasuna lausotuz, planteamendu auto-erreferentzialen bidez erantzun errazen bila. Askatasun politikoak behar ditugu borrokarako, eta gizarte sozialista eta feministak soilik ekar dezake guztion ongizatea eta askatasuna, baina ez da horren erreza. Baldintza subjektiboak landu eta borroka ideologikoa egiteaz gain, antolakuntza politikotik harago bizitza beraren oinarri materialak mehatxatzen dituen egoera honi aurre egiteko berehalako neurriak exigitu eta antolakuntza estrategiak behar ditugu. Hiruren arteko erantzun konplexua: egoerari aurre egiteko talka plana - gure bizitzak kolektiboki zaintzeko komunitatearen gaitasunak indartu- eraldaketa sozialerako baldintza subjektibo eta objektiboak elikatzeko borroka ideologikoa.

Eta guk? Guk ere egoera honetan militarizazio eta sekurokraziaren aurka gaudela adierazi eta kontrol sozialean oinarritzen diren hainbat neurrirekiko kritikoak izan behar gara. Hori argi izanda, orain erdigunean jarri behar duguna komunitatearen zaintza da. Komunitatearekiko arduraz jokatu, komunitatea zaintzeko, sektore kaltetuenak babesteko, neurriak hartu eta har daitezela exijitu. Gure gaitasunak borroka kolektiboen mesedetan jartzeko momentua da, pertsona askoren bizi-baldintzak daudelako jokoan. Umiltasunez, Euskal Herriko gainontzeko indar sozial eta sindikalekin batera aritzeko, eredu aldaketarantz.

 

«Sinestu dezagun pandemia garaiotan elkar zaintzen jarraitzeak bere horretan daukan balio iraultzailearengan»

 

Martxoan asmatu genuen zaintza sareekin. Orain ez gaude orduan baino egoera goxoagoan. Agian ez ditugu auzkoidearentzako erosketak egin beharko, baina auzokidearen lanpostua defendatu beharko dugu (ez dira soilik osasun baldintzak, bizi baldintzei buruz ere ari gara). Sinestu dezagun pandemia garaiotan elkar zaintzen jarraitzeak bere horretan daukan balio iraultzailearengan. Eta jarraitu dezagun horretan, bere zentzu osoan garatuz.

Inpotentzia, haserre edo dena delako horrekin konektatzeko ardura daukagu. Gazteak orokorrean kontziente gara pandemia klaseen arteko gatazka bat dela, dutenen eta ez dutenen arteko gerra. Guk, unibertsitatera joateko autobus edo trena goraino beteta hartzen dugunean, langilez inguratuta goazela ikusten dugulako. Jende gutxiri eskapatzen zaion detailea da hori, baina gakoa egoera horren aurrean haserrea indar eraldatzaile bihurtzean datza.

Elite politiko eta ekonomikoengatik bada, ezer gabe utziko gaituztelako; dena Petronor, AHT edo Iberdrolaren mesedetan. Kaleak berreskuratzea dagokigu, markatutako norabidean eta indar eta determinazio osoarekin.

Amesgaizto itxurako ikuspegi honen baitan, askapen-aukera bat gordetzen dela ere sinesten dugulako. Ezaugarri hauetako pandemia baten aurrean azaleratutako sistemaren gabezia guztiekin batera, jendeak sistema kapitalista zalantzan jarri eta beste eredu baten aldeko balantzan kanalizatu behar ditugu indarrak. Euskal Herriko indar sozial eta komunitarioak aktibatzeko unea da, komunitatearen defentsa, eraldaketa soziala eta beste eredu baten aldeko lanketa biderkatzekoa.

 

TWITTER