SINADURAK

Andoni Olariaga

Une berezirako gomendioak [Egungo Egoera #1]

2020-03-30

Badirudi Covid-19aren krisiarekin orain arte errealitate sozial, politiko eta kulturalez egindako azterketa eta analisiak balio guztia galdu dutela. Uste dugu gehiegi esatea dela hori.

Aste honetarako aukeratu dugun gaia Egungo Egoera da.

Izan ere, oraingoz dakigun bakarra zera da: mundua eta mundua ulertzeko dugun kosmobisioa, ziur aski, aldatu egingo dela. Norantza, zantzu batzuk ageri diren arren, goiz da esateko. Jakin badakiguna zera da: neoliberalismoak azken urteetan komunaren eta demokraziaren pribatizazio eskalatua ekarri digula eta horren azkartze bat eman daitekeela. Era berean, liberalismoak esan zigun erabakiak merkatu askean hartzen zirela, eta krisiak erakutsi diguna da neoestatismoaren indartze bat gertatu dela, krisiari estatu bakoitzak erantzun propioa ematen ari diola ikusirik. Aldi berean, zentzu komun berri bat instalatu da gure gizartean azken hamarkadatan, eta errezagoa dirudi munduaren bukaera irudikatzea kapitalismoaren bukaera baino. Azken urteetan, gainera, ultraeskuinak ezkerrak orain arte irabazitako bataila kultural eta politiko hainbat atzera bota nahi ditu. Hain zuzen, hurrengo liburuek gai horiek aztertzen dituzte, sakontasun baina baita irakurlearekiko hurbilpen saiakera batekin. Hemen, beraz, aste honetarako gomendioak.

LIBURUAK:

Realismo capitalista
[Mark Fisher Ed. Caja negra]

XX. Mende luzearen bukaera aldera, Berlingo harresia erori eta There is no alternative markoa nagusitu zen, kapitalismoa sistema bideragarri bakarra zelako sinesmena zabalduz. Fukuyamak aurreikusi zuen historiaren bukaera zen, azken finean, zentzu metaforikoan, gertatu zena: gizakiaren historian organizazio sistema politiko eta kultural gorena erdietsi dugunaren ustea. Ideologia horri, Mark Fisherrek errealismo kapitalista deitzen dio. 2008ko krisiaren ondorioen ondoren idatzia, Fisher postfordismoan lanaren egoeraz mintzatzen zaigu, burokraziaz, kontrol sozialaren mekanismoez, heziketaren merkantilizazioaz eta patologia mentalen ugaltzeaz. Ildo horretan, kontsumo kultura konpultsiboarekin lotuak dauden patologia eta gaixotasun berriak aztertzen dira adibide eta bizipen pertsonalak nahasiz. Liburuaren gaia potoloa izan arren, erreferentzia literario, filmiko eta abar mordoa topatuko ditu irakurleak, aldarrikatzen diren tesiak kultura popularrareko adibideekin azaltzeko ahalegina eginez. Gomendagarria oso, gaur egungo neoliberalismoaren mutazioa eta jendartean duen eragina ulertzeko.


Ofendiditos
[Lucia Lijtmaer Ed. Anagrama]

Azken hamarkadan iritzi publikoan aldaketa bat eman da. Matxismoari, misoginiari eta arrazismoari modu eraginkorrago batean aurre egiten hasi zaionean, politikoki zuzenaren diktaduraren markoa sartu da indarrez eztabaida publikora. Puritanoak omen gara, ezin dira txisteak egin inor ofenditu gabe, irainduak bizi omen gara etengabe. 80. Hamarkadan ezkerraren baitan ezker akademizistaz burla egiteko erabiltzen zen marko hori, orain eskuinak ezker progresistaren agenda kulturalaren kontra egiteko erabili du. Azken finean, marko horren atzean zertaz hitz egin daitekeen eta zertaz ez, eta nork hitz egin dezakeen zertaz, berriz ere atzeko pribilegiotara bueltatzeko asmoa agertzen du. Arrazismoa, matxismoa eta homofobia naturalizatzeko estrategia diskurtsibo bat da, egunero, komunikabide eta sare sozialetatik defendatua, politikoki ez-zuzenaren esparrua aldarrikatuz gainera. Lucia Lijtmaerrek primeran aztertzen du aurrekoa, liburu labur eta pedagogiko honetan. Guztiz gomendagarria, protestaren kriminalizazioak hartu dituen forma berriak ulertzeko.