SINADURAK

Jokin Aspiazu Carballo

Soziologoa eta EHUko irakaslea

Maskulinitatea afera politiko bezala

2022-07-13

Bagabiltza azken urteotan feminismoaren eta gizonen gaiari bueltaka, eta “bueltaka” diot, maiz gailentzen zaigun sentsazioa aurrera eta atzera ibiltzearena delako edo, are okerrago, gai berdinen inguruan biraka, baina leku berberera heltzeko. Eztabaida eta hausnarketa beharrezkoak izan arren, tentuz ibili behar gara solasaldi amaigabeetan galdu bai, baina aldaketa handiegirik ez lortzearekin.


Argazkia: Sebastiaan Stam, Unsplash

 

Mugimendu feministaren lanaren ondorioz, hainbat erakunde eta elkarte mistotan feminismoaren printzipioak barneratzeko ahalegina egin dugu azken urteotan. Beste egun baterako utziko nuke ebaztea nor egon den prozesu luze eta neketsu horiek sostengatzen eta nork jantzi dituen gero garaikurrak. Edonola ere, nahiz eta feminismoaren ideiak ez diren berriak, onartuko didazue gizon heterosexual gehienentzat (eta haiek protagonista dituzten taldeentzat) berri xamarra dela horrekiko interesa. Gainera, ideia berriak inkorporatzen direnean, ez da soilik gizartea edo taldea transformatzen dena, ideia horiek beraiek ere eraldatu egin ohi dira.

 

Tentuz ibili behar gara solasaldi amaigabeetan galdu bai, baina aldaketa handiegirik ez lortzearekin.

 

Feminismoaren kasua ez da salbuespena, eta eztabaida honi eusteko abiapuntu egokia litzateke gizonok (eta, hedapenez, talde mistotan parte hartzen dugun orok) onartzea halako lausotze bat gertatu dela ideia feminista askorekin. Hautaketa prozesu bat, zeinetan ideia batzuek protagonismo asko hartu duten eta beste ugari, historikoki feminismoarentzat garrantzitsuak izan diren arren, atzean gelditu diren, ez duten galbahea pasatu. Horrela izan da, gizonoi dezente interesatu zaizkigula gure hazkunde pertsonal eta kudeaketa emozionalarekin lotura zuten aspektuak: sentipenak adierazten ikastea, inguruan ditugun txikien zaintzaren alderdi gustagarrienak (hala nola, umeekin jolastu edo haien irakaskuntza prozesuetan inplikatzea) edo teoria feministetan aditu bilakatzea.

 

Gutxiago interesatu zaigu gure mugimenduetan dauden lidergoak (eta ez soilik lidergo publikoak) zalantzan jartzea, gure ibilbide profesional – edo militanteak – erdigunetik kendu eta lan ororen banaketa efektiboak egitea.

 

Aitzitik, gutxiago interesatu zaigu gure mugimenduetan dauden lidergoak (eta ez soilik lidergo publikoak) zalantzan jartzea, gure ibilbide profesional – edo militanteak – erdigunetik kendu eta lan ororen banaketa efektiboak egitea, edota feminismoak ideologikoki eta praktikoki dakarzkigun erronka estrategiko sakonei seriotasunez eustea. Hauek eta beste hainbat adibide aipa nitzake, baina bereziki arduratzen nauena politikaren moralizatze prozesua da. Politika hizkuntza-joko hutsalera murriztu dugula iradoki zigun behin Amador Fernandez Savaterrek hitzaldi baten: egiten eta lortzen dugunaren gainetik, ondo komunikatzea eta eztabaida dialektikoa irabaztea kokatu ditugu. Gure ekintzen ondorioa edo lortzen ditugun aldaketen sakontasuna ez dira jada garrantzitsuak egungo ikuspegi politiko hegemonikoentzat.

 

Norberaren portaerak zalantzan jarri eta berrikustea garrantzitsua den arren, ezin dugu feminismoa horretara mugatu.

 

Eta horren ondorioz, Wendy Brownek bere hainbat idatzitan azaldu duen moduan, politika despolitizatu egiten da. Geratzen zaigun bakarra morala da. Hori gertatu zaigu hein handi batean gizonoi feminismoarekin: pentsatu dugu feminismoak zekarrena gure portaeren berrikuspen hutsa zela. Eta, noski, eremu pertsonalari erreparatzea, norberaren portaerak zalantzan jarri eta berrikustea garrantzitsua den arren, ezin dugu feminismoa horretara mugatu, ekologia zaborra ontzi egokira botatzera edo euskalgintza euskaldun osoak izatera mugatu ezin dugun moduan. Edo ez genuke egin beharko, bederen.

Feminismoak gure gizartearen banaketa ekonomikoari eragiten dio, botere politikoaren aplikazioari edo esparru kulturalaren konfigurazioari, besteak beste. Baina, guzti hauei bizkarra eman eta gizon onak izatera mugatzen baditugu gure ahaleginak, berriz diot, politikoa zena moral bilakatzen zaigu esku artean.

 

 Argazkia: Unsplash Jurie Huggins

 

Moralitateak, noski, bi alde soilik onartzen ditu (onak eta txarrak) eta, paradoxikoki, despolitizazio horrek alde guztiei eragiten die. Gizon onek beraien lana amaitutzat ematen dute, beren indar guztia “txintxoen taldetik” ez ateratzeko ahaleginean jarriz. Irrist eginez gero, berehala jakin beharko dute estatusa nola berreskuratu, eta, halaber, azkarrak dira besteen irristaldiak seinalatzen: adibiderako, erasotzailea bestea edo urrunekoa denean (bereziki klase eta jatorriz) berehala aterako dugu seinalatzeko atzamarra, egoera konpontzeko prozesuan deus gutxi egin arren.

 

Gizon onak izatera mugatzen baditugu gure ahaleginak, berriz diot, politikoa zena moral bilakatzen zaigu esku artean

 

Asko jota, heroi plantak egingo ditugu, eta besteen maskulinitate maltzurren aitzakiaz gure maskulinitate miresgarriak berretsi. Baina, eta beste aldean? Pentsatzen al dugu zer gertatzen ari den feminismoaren kontra indarrez eta aho biziz altxatzen ari diren gizon horiekin? Merke darabilgu eskuin muturraren aitzakia, eta nahiz eta ez diodan garrantzirik kendu nahi, esango nuke sakonago aztertu behar dugula gaia. Alde batetik, erresistentzia horiek lehenago ere bazeudelako, eta lotura handia dutelako egoera benetan aldatzeari diogun beldurrarekin. Gure ingurukoak mugitzen hasten direnean ondo deritzogu denontzat zerbait lortzeko asmotan badabiltza, baina, eta gure posizioa berrikusi behar badugu aldaketa hori posible izan dadin? Orduan ez gaude hain pozik.

 

Pentsatzen al dugu zer gertatzen ari den feminismoaren kontra indarrez eta aho biziz altxatzen ari diren gizon horiekin?

 

Bestalde, erreakzio horiek arestian aipatutako despolitizazioaren ondorio ere badira. Onen eta txarren arteko jolasak asmatzen ditugunean, analisiak sinplifikatzean, askok pentsa dezakete haien kontrako gurutzada batean gaudela. Agian ez gaude asmatzen esplikatzen gizontasuna, sistema moduan, baztertu beharrekoa dela diogunean, ez gabiltzala inoren kontrako gurutzadan, denok inplikatzen gaituen eraldaketa sakonean baizik.

Hori azaltzen asmatu behar dugu, ez gizon horiek pena ematen digutelako, edo bat egiten dugulako haien “kaltetuak izatearen” sentipenarekin. Ez, hori dena azaltzen ikasi behar dugu bestela ez dugulako aldaketarik sortuko. Eztabaida dialektikoa irabazi dezakegu agian, baina egoerak berdintsu jarraituko du.

Azken finean, badakigu justizia sozialaren arazoa ez datzala pertsonen maltzurkerian, baizik eta sistema osoaren antolaketan bertan. Genero berdintasunarekin antzerako gertatzen da: ez da txintxoen eta maltzurren fabula bat, txintxoak eta maltzurrak egon badauden arren, sakontasun handiko afera politiko konplexua baizik. Feminismo antikapitalista eta antiarrazistak tresnak ematen dizkigute hori ulertzeko, erabili nahi baditugu bederen.

 

 

TWITTER