SINADURAK

Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra

EH Bilduren Gipuzkoako Batzarkidea eta Mugimendu ekologistako kidea

Larrialdi klimatikoa: eta Euskal Herrian zer?

2022-07-01

Azken urte, edo hobe esanda, hilabete hauetan inork ez du zalantzan jartzen dagoeneko larrialdi klimatiko egoeran bizi garela, hainbestetan iragarritako aldaketa klimatikoa ez dela etorkizuneko eskenatoki hipotetiko baten iragarpena. Hamarkada asko daramate zientzialari eta ekologistek zetorrenaren berri ematen, eta etengabe, ukatua izaten zen errealitatea, batez ere, egoeraren iraupenean interesak zituztenen aldetik.


Argazkiak: FOKU

 

Nork ez du inoiz entzun larrialdi klimatikoaren gaia ekologisten gaia zela? Nork ez du entzun katastrofista batzuk garela? Behin eta berriro saiatu dira egoeraren larritasunari garrantzia kentzen, behin eta berriro esan digute gauzak nola egin behar genituen baina gauzak aldatzeko intentziorik gabe. Beste modu batetara egin behar omen ditugu gauzak, baina finean ezer ez aldatzeko, egoera berean jarraitzeko eta betikoek, betiko moduan, inoiz baino aberastasun haundiagoak pilatzeko. Badakite, badakigu, egoeraren erantzulea sistema bera dela; horrela ezinezkoa dela jarraitzea. Baina badakite ere, badakigu ere, ez dela aldaketa sakonik emango betiko horien borondate hutsarekin.

 

 

Behin eta berriro saiatu dira egoerarenlarritasunari garrantzia kentzen. Badakigu, egoeraren erantzulea sistema bera dela; horrela ezinezkoa dela jarraitzea.

 

Eskenatoki latza dugu aurrean; guk ezagutzen dugun mundua mugitzen duen motorreko gasolina, eta barkatu alderaketa baina literalki esan dezakegu horrela dela, agortzen ari da. Egoera honen aurrean, ez da zientzialaria izan behar, ezta azti edo sorgiña ere, jakiteko, urritasunean gatazka eta gerrak areagotzen direla eta hildakoak eta sufrimendua gutxien dutenek, dugunok, jartzen ditugula. Gure mundua fikziozko egoera baten gainean eraikia dago. Gure gizarte kontsumista hau (erosi, erabili eta bota gizartea), soilik sustenga daiteke, baldin eta beste nonbait, urrun ziurrenik, lehengaiak guretzako ustiatzen dituzten pertsonak dauden bizibaldintza miserableetan. Eta horren gainean eraiki dugu gure gizartea, eta hori ez da inolaz ere justua.

 

Euskal Erkidego Autonomoko gizarte eredua mundo osoan ezarriko bagenu, bi planeta eta erdi pasatxo beharko genituzke garapen hori emateko.

 

Gure gizartea, beraz, defizitarioa da, ez dagokigunak kontsumitzen ditugu, ez dagokiguna kutsatzen dugu (kutsatzea eskubide bat balitz bezala), beste herrialdeetako eta gure ondorengoen planeta kontsumitzen ari gara.

Honen aurrean zer egin behar du euskal jendarteak? Zer egin behar dugu? Ezin gara eserita geratu gure basoek su hartzen dutela ikusiz, Nafarroan gertatzen ari den bezala; ezin gara besoak gurutzatuta geratu datozen goseteen aurrean. Nahiz eta begiak malkoz bete, nahiz eta bihotza uzkurturik dugun, erabakiak hartzeko garaia da. Eta ez soilik erabakiak hartu, hauek errealak izan behar dute gauzagarriak, eta praktikan jarri behar ditugu. Ezin dugu agintarien esku utzi egoeraren soluzioa.

 

 

Agintariek, errejimenaren seme alabek, egoera hau denboran luzatu nahiko dute, luzatzen ari dira. Mozkinak eta irabaziak mantendu nahi dituzte, ikusten ari direlako, urrun joan gabe, egoera katastrofista honetan, ezer aldatu ezean, beraien poltsikoak betetzen ari direla inoiz baino gehiago, inoiz baino injustuago, baina finean, inoizko mozkinik haundienak lortzen ari direla. Ez ditut aipatu behar Iberdrola, Petronor… argi dago mundua kolapso egoerara zuzenean eraman dutenek, politikari ustel askoren konplizidadearekin, egoera honetan ere, irabaziak haunditu dituztela eta ezer aldatu ezean, oraindik ere gehiago haundituko dituztela.

Politikari askoren paparrean ikusten ditugu txapa edo pin koloretsuak, badago politikariren bat, “B” planetarik ez dagoenaren kamiseta ere soinean eraman duena, sinadura eramaten duena, baina bere/ beraien ekintzekin, “A” planeta edo ezagutzen dugun planeta hau, amildegira daramate zuzen zuzenean. Gauza bat esan edo saldu eta kontrakoa egin, berdez hitzak margotu eta ekintzak berunaren kolorekoak direnean, greenwashing bezela ezagutzen duguna alegia. Orain, energia nuklearra ere energia berdetzat jotzen dute. Eta ezin sinistuta gabiltza pausu hori emateko ausardia izan dutela ikusita. Baina erreala da, gertatzen ari da eta ez dute ia kontrakotasunik topatzen bidean.

Gure etorkizuna baldintzatuko duten erabakiak hartzen ari dira, beti bezala, baina une honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da erabaki zuzenak hartzea eta ez dira hori egiten ari. Ez dute bere kabuz erabaki ausartik hartuko; mozkinak mozkinak dira. Oso ondo bizi dira gu guztion bizkar. Gure esku dago presioa eragitea, gure esku dago kapitalismoaren garai basati hauetan, beste gizarte eredu bat eraikitzea. Hau ez da erraza izango, ez digute erraz jarriko, baina gure betebeharra da egitea, betebehar etikoa, betebehar politikoa, betebehar ekologikoa. Justizia sozial eta justizia ekologikoan oinarrituko den gizarte berri bat behar dugu, inor kanpoan utziko ez duena, gure “ongizate” gizartea unibertsalizatu behar dugu.

 

Gure ongizatea ezin dugu besteen gaizkizatean oinarritu.

 

Baina ongizatea bera zer den ere agian birpentsatu beharko genuke. Horretarako gizarte heldu eta antolatu bat behar dugu, kolektibotasuna indibidualismoaren gainetik jarriko duen gizartea. Norbanakoentzako soluzioen garaia amaitu da, edo taldearentzat, kolektiboarentzat erabaki kolektiboak hartzen ditugu edo jai dugu. Eta Euskal Herritik nola egin dezakegu hau? Nola eragin dezakegu Euskal Herrian egoera irauli eta guztiontzako irtenbide duin bat bilatzen?

Euskal Herria historikoki, ekologista izan da, ekologista da eta gainera borrokalaria, aktibista. Mugimendu ekologistak ordea, ezkerrak historikoki izan duen joera bat du, baita Euskal Herrian ere. Desberdintasunetik bada ere, helburu amankomunen pean elkartu ordez, ika mika eta haserreak gailendu dira. Asko gara gure burua ekologistatzat jotzen dugunak, asko gara aktibistak kontsideratzen garenak, baina gure arteko tira bira horiek medio, mugimendua indartu ordez eta lorpenak gehitu ordez, mugimendua atomizatua dago, zatitua eta haserre eta frustrazioak eratorri dira. Eta bitartean, kapitala garai berrietara egokitzen; jasangarri hitza erabiltzen dute, berriztagarriak, energia berdea… bioaniztasuna eta ekologismoaren izenean erraustegiak, nuklearrak eta Abiadura Haundiko Trenak eraikitzen dizkigute.

 

Asko gara gure burua ekologistatzat jotzen dugunak, asko gara aktibistak kontsideratzen garenak, mugimendua indartu ordez eta lorpenak gehitu ordez, mugimendua atomizatua dago.

 

Burutik behera pixa egiten digute. Eta ezin diegu hau egiten utzi. Orain arte bizi izan dugun fikzio gizarte hau, milaka eta milaka pertsonen gainean eraiki dugu, planetaren mugen gainetik, naturaren kontra, euskaldunontzat hain garrantzitsua den amalurraren kontra eraikia dago. Zaintzak, behar duen garrantzia hartzen duen garaiotan, zer garrantzitsuago gure etxearen zaintza, gure amalurraren zaintza, finean, gu guztion buruaren zaintza baino? Euskal Herria berdinen arteko Euskal Errepublika bilakatu nahi badugu, Euskal errepublika justu bat eraiki nahi badugu, nola egin lurraren (gure etxearen) beharrei erreparatu gabe? Hau aldatu behar dugu, berandu goaz baina oraindik ere aukera dugu. Bihotza, burua eta gorputza.

 

Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartuko duen mugimendu bat behar dugu.

 

Ipar Euskal Herrian bagabiltza alternatibak eskaintzen, fin ari gara lanean. Orain, Hego Euskal Herriaren garaia ere bada. Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartuko duen mugimendu bat behar dugu, Ipar zein Hego. Badago mugimendu bat, hastapenetan dagoena, baina modu transbertsalean egoerari aurre egiteko prest dagoena, ez soilik momentuan eraiki nahi diren azpiegiturei erantzun puntuala emango diona, ez soilik aldaketa klimatikoaren ondorioei erreparatuko diona, suteak, desertifikazioa, bioaniztasunaren galera, itsasoaren maila igoerari erreparatuko diona. Baita ere, baina ez soilik horri. Ondorio hauek sortzen dituen gaitzari erreparatu behar zaio. Kapitalismoak eragiten dituen kontsumo ereduak aldatu behar ditugu, amalurrarekin dugun erlazioa aldatu behar dugu, elikadura eredua errotik aldatu beharra daukagu eta horretarako guztiak gara beharrezko, guztion artean erantzun behar diogu azken krisi honi. Badabiltza, bagabiltza zerbait berria antolatu nahian. Mugimendu anitza, mugimendu transbertsala, iparra zein den argi duena.

Irailak 30, urriak 1 eta 2 Portugaleten Ekotopaketak antolatzen ari den mugimendu berri bat sortu da, bertan eztabaida, analisia eta aisiarako denbora ere izango dugu, baina denetan garrantzitsuena, orain eta etorkizunean Euskal Herriak behar duen mugimendu ekologistaren oinarriak finkatuko dituen Ekotopaketak izango ditugu. Azken krisia. Gure garaia! Gugatik, ondorengoengatik, denongatik.