SINADURAK

Izaskun Duque

EH Bilduko batzarkidea Bizkaian

Eraldaketa sozialaren faktoreak

2020-05-25

Autoantolaketako tokiko organoak garatzea, burokratizaziotik ihes egingo duten erabakiak hartzeko kanal hibridoak irekitzea; finantza etikoen erakundeekin lankidetza publikorako kanalak irekitzea; elkar laguntzeko eta harrerarako sareak ehuntzea; estrategia komunitario eta kooperatiboak abian jartzea zaintza-lanak kolektibizatzeko, ekonomia sozial eta eraldatzaileko proiektuak bultzatzea; elikadurako tokiko sareak sortzea; kapitalaren baliabideak kolektibizatzea, hala nola, lurrak edo etxebizitzak; etab. 


 

«Bizitza zaurgarria da, eta eutsi egin behar zaio, zaindu. 
Eta hori egiteko modu bakarra era komunitarioan da»

Amaia Perez Orozko

 

Argazkia: Jamie Street, Unsplash

2016ko abenduan, Feministaldiaren esparruan, ekonomian aditua den Amaia Perez Orozco entzuteko zortea izan nuen. Eta zortea izan nuela diot, Tabakalerako areto nagusia lehertzear zegoelako eta asko lurrean eseri ginelako Amaia eta Silvia Federici entzuteko. Hitzaldiaren izenburua 'Subertsio feministako espazio ekonomikoak' zen. Bere aurkezpena oso argia izan zen eta nire adimenean  (ezagunagoa da) erresonantzia kaxa moduan funtzionatu zuen ideia bat berreskuratu nahi dut.

Nola buka dezakegu Perez Orozcok 'gauza eskandalagarria' deitzen duen horrekin? Edo bestela esanda, nola amaitu heteropatriarkatu kapitalista eta koloniala den menderatze-sistema honekin? Erantzuna da, ez dagoela erantzun trinkorik. Bide batzuk ez datoz bat sozialismo estatista demokratiko baten eredu teoriko klasikoarekin, baina herri botere handiago baterantz mugiarazten gaituzte.

 

«Nola buka dezakegu Perez Orozcok 'gauza eskandalagarria' deitzen duen horrekin? Edo bestela esanda, nola amaitu heteropatriarkatu kapitalista eta koloniala den menderatze-sistema honekin?»

 

Autoantolaketako tokiko organoak garatzea, burokratizaziotik ihes egingo duten erabakiak hartzeko kanal hibridoak irekitzea; finantza etikoen erakundeekin lankidetza publikorako kanalak irekitzea; elkar laguntzeko eta harrerarako sareak ehuntzea; estrategia komunitario eta kooperatiboak abian jartzea zaintza-lanak kolektibizatzeko, ekonomia sozial eta eraldatzaileko proiektuak bultzatzea; elikadurako tokiko sareak sortzea; kapitalaren baliabideak kolektibizatzea, hala nola, lurrak edo etxebizitzak; etab. 

Erantzun horiek guztiak baliogarriak dira, 'edo' juntagailua erabiltzearen ordez,'eta' erabiltzea da gakoa, buztinezko oinak dituen erraldoi hori kolokan jartzea lortzeko. Hala ere, ez dugu ahaztu behar, eraldaketa sozialerako bidean, estrategia koherente eta sinesgarrien formulazioaren eta alternatiba horiei eusten dien herri-mugimenduaren aktibazioaren mende dagoela haren egingarritasuna.

 

«'Edo' juntagailua erabiltzearen ordez,'eta' erabiltzea da gakoa, buztinezko oinak dituen erraldoi hori kolokan jartzea lortzeko»

 

Erik Olin Wright-en arabera, iparrorratz sozialistak deituriko printzipio multzoak gida gaitzake, norabide egokian noiz goazen jakiteko: botere sozialaren gehitzea estatuaren boterearen, botere ekonomikoaren eta aktibitate ekonomikoaren gainetik.

Beraz, erratzeko beldurrik gabe esan genezake proposamen eraldatzaile horiek guztiek zerumuga sozialista horretara gehiago hurbiltzen gaituztela. Nahiz eta ekimen horietako batzuk partzialak edo eskasak iruditu, osotasunean hartuta, benetako eraldaketa izan daitezke botere-harremanetan. Indar eraldatzaileen eta kapitalaren arteko gatazka honetan, gutxienez bi dira gure aldeko faktoreak:

 

  • 1. XX. mendearen bigarren erdialdean, euskal administrazio publikorik ez zegoenez, hainbat auto-kudeaketa eta auto-antolaketa prozesu loratu ziren. Gure herriak, beraz, ezagutza sakona du esperientzia komunitarioetan.

 

  • 2. Euskal Herria estaturik gabeko nazioa da, baina lurralde guztiek dituzte estatu-erakunde propioak, komunitate politiko bereizia eta autogobernu mugatua, demokratizazio-prozesu bereizia ahalbidetzen duena.

 

Covid-19aren pandemiaren ondorioz, testuinguru anbibalente batean gaude, non botere politikoek aldi berean neurri publiko aurreratuak eta kapitala elikatzen duten beste batzuk hartzen ari diren. Baina, egia esan, ez gara hain egoera berria bizitzen ari. Covid-19ak agerian utzi du aspalditik esaten ari ginena: bizitza bera ari dira erasotzen. Pandemia hau kolapso ekologikoaren parte da, eta horren ondorioak hertsiki lotuta daude zainketen krisiarekin eta nekropolitikarekin, kapitala metatzeko prozesuak bizitzaren aurretik jartzea besterik ez dena.

Beraz, egoera honen aurrean, gure taktikak, gure egiteko moduak eta militatzeko moduak doitu beharko ditugu, baina, proposamen eraldatzaile horiek guztiek, inoiz baino egokitasun eta premia handiagoa dute.

 

 

Bibliografia eta inspirazioa

Burujetza Pluralean (2018). Ideiak Zabalduz Saila 

Olin Wright, Erik (2006). Iparrorratzeko puntuak: Alternatiba sozialista baterantz. Iratzar koadernoak.

Goikoetxea, Jule (2019) EAEko demokrazia patriarkala, Emakunde.

Olariaga, Andoni (2019) Covid-19 pandemiari buruzko 6 gogoeta. Erria

Perez Orozco, Amaia (2014) Subversión feminista de la economía. Traficantes de sueños

Azkune Torres, Jon (2019) ¿Pueden hablar los estados subalternos? Erria 4. Zenbakia.

Artikulurik edo libururik argitaratzen ez duten baina haiengandik egunero ikasten dudan lagun militante horiek guztiak.