GOMENDIOAK

Erria

Zapalduaren duintasuna

2021-07-06

Norman Ajari, Dignidad o muerte, Ética y política de la raza, Txalaparta, 2021

Itzultzailea : Cristina Lizarbe Ruiz

 

Norman Ajariren begietara, Europa Mendebaldeko filosofian, Pic de La Mirandole, Kant et Habermasi jarraikiz, duintasunaren ikuspegi liberala da nagusitu. Zeinak, gizatasun duina dutenen eta ustezko aberetasunean konfinatuak gelditu direnen arteko bereizketari bermea ekarri dion. Eta, egun unibertsaltasunaren itzalpean indarrean jarraitzen duen ikuspegi horrek, beltzen eta azpiratuak dauden populazioen duintasunaren aldarria oztopatzen du.

Idazleak oroitarazten digu, "pertsona beltz oro esklaboen edo kolonizatuen ondorengoa" izanik, deshumanizazioaren historia bat heredatzen duela. Eta zehazten digu, beltzen bizitza duintasunik gabekoa dela, hots, "heriotzak ezaugarrituriko bizitza", non ezinezkoa bihurtzen zaien ez pertsonalki ez eta kolektiboki ere etorkizunean proiektatzea.

Norman Ajarik mundu beltzen pentsamendu erradikalaren historia ezezagunaren hurbilpen sakona eskeintzen digu. Esklabuen matxinadak, belztasunaren aldarrikapenak, Ipar Amerikan eta Hegoafrikan kristautasunaren usadio iraultzaileak, beltzen benetako askapen-ibilbideko beste hainbeste etapa moduan aurkezten dizkigu. Elkarren arteko loturak eta eraginak irudikatuz.

Norman Ajarik duintasunari buruzko premiazko gogoeta bat egiten du. Izaki beltzen historiaren filosofia deskolonizatu bat proposatzen digu, zeinaren baitan, historia koloniala, esklabotza, deshumanizazioa, arraza-indarkeria eta gizarte-heriotza askapen ibilbide baten oinarri gisa ezaugarritzen dituen.

Beltzen borrokaren motor historikoetako bat, beren eskubideak aitortzeko duintasunaren aldeko borroka izan dela oroitaratzen digu. Izan ere, duintasuna da zuriak beltzen aurka indarkeria erabiltzen duenean ezabatzen saiatzen dena. Baina duintasuna ere bada gizon zuriak galtzen duena izaki beltza zapaltzen duen aldioro. Azken batean, horixe da izaki beltzak kolektiboki baieztatzen duena dominazio zuriaren aurka egiten duenean.

Alabaina, gazte beltz baten duintasuna erasotua denean, Estatuaren ordezkariek beltz bat bortxatu edo hiltzen duten aldioro, afrikar duintasunaren aldeko historia eta borroka luzea da zuzenean erasotzen dena.

Funtsean, duintasuna zapalduak bizitzaren eta heriotzaren artean zutik irauteko duen gaitasuna da.