GOMENDIOAK

Erria

Txillardegi: batasunaren pentsalaria

2019-04-01

Miren Rubio Iturria. Dabilen pentsamendua bilduma. Jakin eta UPV/EH, 2019
Testu hautatuak. Euskara Batua. Nazio auzia. Hizkuntzaren filosofia.
Hautaketa: Alaitz Aizpuru


 

XX. eta XXI. mendeko euskal pentsalari eta kulturgileen lana ezagutzera emateko osatu dute Jakinek eta UPV/EHUk elkarlanean Dabilen pentsamendua izeneko liburu bilduma berria. Izan ere, eskuz esku eta ahoz aho dabilen pentsamenduak baino ez duela aurrera egiten. Eta pentsamenduak aurrera egin dezan, denen eskura jartzea beharrezkoa da.

Egilekako eta gaikako antologiekin osatuko da bilduma. Aukeratutako lehen autorea Txillardegi da, eta bere biografia eta testu hautatuekin sail propioa izango du. Testu hautatuei dagokienez, aurreneko hirurak argitaratu dira euskara batuaren, nazio auziaren eta hizkuntzaren filosofiaren inguruan.

Egilea kokatzeko, Txillardegiren biografia idatzi du Miren Rubio Iturria kazetariak: Txillardegi. Batasunaren pentsalaria. Idatzizko dokumentazioaz gain, Txillardegi bertatik bertara ezagutu zutenen hitzekin osatu du: Jone Forcada emaztea, Joxe Azurmendi filosofoa, Jean-Louis Davant idazle eta euskaltzalea, Patxi Zabaleta abokatua eta Aralarreko koordinatzaile ohia, Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakaria eta euskaltzaina eta Pilartxo Etxeberria eta Fito Rodriguez EHUko irakasle ohiak elkarrizketatu ditu. Bokazio dibulgatiboa du biografiak.

Bestalde, Txillardegiren pentsamenduaren hiru ardatzen inguruan osatu dituzte hiru liburu: euskara batua, nazio auzia eta hizkuntzaren filosofia. Testuen hautaketaz Alaitz Aizpuru Joaristi arduratu da, Filosofian Txillardegiren ekarpena berariaz ikertu duena. Horrekin batera, liburu bakoitzak bere hitzaurrea du, gaia kokatu eta Txillardegiren ikuspegia aletzeko: Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakari eta euskaltzainak idatzi du euskara batuarena, Joxe Manuel Odriozola idazle eta euskara irakasleak osatu du nazio auziari eskainitako atarikoa, eta Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko filosofia irakasleak heldu dio hizkuntzaren filosofiaren hitzaurreari.