GOMENDIOAK

Erria

Socialismo siglo XXI

2020-05-18

 

 

    Alberto Matxain

    Garako kazetaria


 

Socialismo siglo XXI. ¿Hay vida después del neoliberalismo?

Atilio Boron (2009, Hiru argitaletxea)

 

Atilio Boron intelektual marxista argentinarrak kapitalismoaren gaindipena du aztergai liburu labur bezain mamitsu honetan, betiere fokoa Latinoamerikan jarrita. Egileak konstatatzen du mende eta erdiko esperientziari erreparatuta, kapitalismoaren baitan Latinoamerikak ez duela garapenerako aukerarik, azpigarapen ekonomikoa eta herrialde garatuen ekonomien zerbitzura aritzea dela kapitalismoak eskualdeari egiten dion eskaintza bakarra. Hortaz, «Latinoamerikan garapenari buruz hitz egin nahi duenak sozialismoari buruz hitz egiteko prest egon behar du».

Hondamendi neoliberaletik ihes egiteko premiaren aurrean, Boronek Latinoamerikan irekita dauden aukerak aztertzen ditu. Aurrez idatzitako ereduak baztertuz eta, munduan eredu alternatibo baten gabezia abiapuntu bezala hartuta, sakoneko hainbat erreforma planteatzen ditu, gobernuek martxan jartzekotan, eskualdeko herrien bizi baldintzak nabarmen hobetuko lituzketenak.

Amaitzeko, Latinoamerikak etorkizun ez kapitalista bati begira dituen perspektibak aztertzen ditu, XXI. mendeko sozialismoaren baloreak, proiektu politiko-ekonomikoa eta proiektu historiko berri hau garatzeko ardura izango luketen subjektu eraldatzaileen inguruko hausnarketa garatzen du.

There is no alternative neoliberala eta iraultza sozialistaren ezinbestekotasuna; merkatuei sumisoa den erreformismoa eta aurrera egiteko baldintzak sortzen laguntzen duen erreformismoa; Sobietar Batasunean oinarritutako eredu sozialista eta XXI. mendeko sozialismoa; subjektu eraldatzaileak; herriaren kontzientzia maila eta ezkerkeria, marxismoa XX. mendeko esperientziekin aberastu eta eguneratze beharra... laburra izanagatik ere, Boronen lana hausnarketa kitzikagarriz betea dago. Irakurlea ohartuko da egileak planteatzen dituen zenbait ideia Euskal Herrian mahai gainean daudela edota garatzen ari direla, ez agian teorizazio sakonen ondorioz, praxi politikoari eta hamarkadetako borroka ondareari esker baizik.

Eta liburua batez ere Latinoamerikan pentsatuta idatzita badago ere, Euskal Herriko askapen prozesua aberastu ditzakeen eztabaidak planteatzen ditu. Kontuan hartuta Euskal Herria estaturik gabeko herria dela, bat honako hau izan daiteke: nola garatu klase borroka (izan iraultza sozialistaren bidez, izan baldintza berriak sortuko dituen erreformismo baten bidez) Euskal Herria bezalako Europa mendebaldeko estaturik gabeko herri batean?