GOMENDIOAK

Erria

Ni ez naiz Mikel Laboa

2022-12-14

EHUko Mikel Laboa Katedraren eskutik eta Elkar argitaletxeak plazaratuta, 2022.

 

Unai Iturriagak jaso zuen Mikel Laboa Katedraren (Euskal Herriko Unibertsitatea) enkargua, eta Harkaitz Cano gidoilariarekin eta Joseba Larratxe ‘Josevisky’ marrazkilariarekin harremanetan jarri zen, proiektua martxan jartzeko.

Euskal kantaririk miretsiena eta maitatuena, sasoi baten, geografia baten eta jendarte baten ispilu da Mikel Laboa. Ukaezinak dira tradizioa bereganatzeko zuen sena, transgresiorako kemena eta bere ahotsaren bidez komunitatearen mina katarsi bihurtzeko gaitasuna. Baina nola aurre egin xaman baten bizitza marrazteko erronkari? Jostaria eta apurtzailea zena ezin zurrun kontatu. Ohiko biografia moldeetatik ihesi, Laboaren kantuen izpiritua, aldartea eta umorea hartu dituzte egileek eleberri grafiko honetan bidelagun, errealitatearen errekako korronte geza irudimenaren itsasoko urekin nahasten den puntuan murgiltzeko gonbidapena eginez.

Laboarik jostarienari heldu diote, komikian ongien funtzionatzen duena delakoan. Horregatik abiatzen da istorioa western baten antzera… Eta, paradoxikoki, bere biografiaren hezurdura agertu zaigu, ia oharkabean, bere kantuei eta bere aldarteari segika. Josebak aukeratu dituen koloreek, Zumetaren paletarekin ongi doazenak bestalde, jada istorio bat kontatzen dutena, berez.

Bere kantuak irudi bilakatu dute eta kontutan hartu dituzte Laboaren katarsirako gaitasuna, garai baten kronika, soiltasunaren apologia, surrealismoa, hizkuntzak eta generoak gainditzeko zeukan sena.