EDITORIALAK

Erria

Momentua irakurtzen jakiteaz

2022-07-21
ES    FR


Aurreko alean eztabaida batzuei heltzeko abagune historikoaz mintzo ginen, momentuaren taupada historikoa ondo irakurtzearen beharraz. Horretan berresten gara. Hortik abiatuta, ezkerrak statu quoaren irakurketa erradikala egiten saiatu behar du, statu quoaren aurpegi anitzena, ahalik eta zorrotzena, ondoren harekiko alternatiba ahalik egingarri eta erakargarriena egiten saiatuz. Ezin da proiektu baten ezintasunari atxikiago egon bere potentzialitateari baino, ezin da marginalitatearekin edo porrotarekin maiteminduago egon, mundua eraldatzeko esperantza produzitzearekin baino. Desiraren estruktura berriak behar ditu ezkerrak, melankolikoak eta atzerakoiak izango ez direnak, are gutxiago autoflagelatzaileak.


Historikoki, ezkerraren akatsa garaiko ezaugarriak ez ulertu eta horietatik aldendutako mundu ikuskera politiko bat osatu eta bide bat planteatzea izan da. Zer gertatzen da gaur? Mundu mailako egungo egoera ulertzeko faktore determinanteak neoliberalismoaren tendentzien azkartzean bilatu behar direla. Zibilizazio krisia bizkortu da, eta, hortaz, beste zibilizazio baterako trantsizioaren ezinbestekotasuna agerikoa da, behetik gorakoa eta maila guztietakoa izango dena. Zorrotzak izan behar gara: ez da testuingurua berbera ipar hemisferioan edo hego globalean bizi duguna. Azken horretan, ezker latino-amerikarrak 90. hamarkadatan abiatutako iraultzen ondoren, eskuinaren ofentsiba berriari eutsi, berrarmatu, eta berriz aurre egiten ari zaio, bigarren olatu eraldatzaile batean murgilduz. Txile da horren adibide garbia, Konstituzio berri baten idazketa prozesu herritar batean murgildua dagoelarik. Eraldaketa prozesuak luzeak dira, olatuak dituzte, eta ondorengo aparrak. Guztietan ekiten ikasi behar du ezkerrak.


Ipar globalean eta Europan zehazkiago, ordea, bestelako tendentziak ari dira nagusitzen. Eskuin muturraren ofentsiba betean gaude, bestelako alderdi sistemiko ohikoek agenda atzerakoia jarri dute martxan, egitura publikoen (osasuna, hezkuntza, sarea…) pribatizazioa burutzen ari dira, gastu militarraren igoera (Ukrainako inbasioaren aitzakiapean) eta agenda sekurokrata indartzen (segurtasunaren izenean), gas eta energiaren oligopolioen eta aberaste lotsagarriaren aurrean ez dira ezer egiten ari, AEB eta NATOren egitura geopolitiko menpekoarekiko jarraipen itsua egiten ari da… Zenbaki hau aurreko tendentzia guzti horiek aletzen saiatzen da, ikuspegi orokorra herri ikuspegitik irakurtzen saiatuz.
Euskal Herriak ere garai nahasiak bizi ditu, noski. Baina eraldaketa prozesuak, barne zein kanpokoak, ez dira lerro zuzenak izaten, eta pazientziaz, urte luzeetako lanaz, hausnarketa estrategikoa hobetsiz, eta herritik eta herriarentzat egiten direla erakusten digute prozesu eraldatzaile guztiek, berdin Irlandak, Txilek, Kolonbiak, Eskoziak, eta baita Euskal Herriak ere. Subiranismoa indartsu dagoen lekuetan, indar atzerakoiak ahul daudela ikus daiteke; subiranismoa indartsu dagoen lekuetan, balore feminista, ekologista, sozialista eta eraldatzaileak indartsu daude, eta eraldaketa sozial eta politikorako aukerak biderkatzen dira.


Europan mugimendu subiranistak azken hamarkadatan indartu diren bezala (Irlanda edo Eskozia kasu), gure herrian subiranismoa indartzen eta berkokatzen ari da, Euskal Herrian beste mundu bat eraikitzeko tresnak garatzen, imaginario berriak lantzen, jendarte zabala artikulatzen, eta finean, hamaika aurpegitako neoliberalismo basati honentzako euskal alternatiba bat eraikitzen ari gara; propioa eta munduari irekia. Zapalkuntzak hamaika aurpegi eta hamaika eskala dituelako, herrien eta herritarren askotariko burujabetza da neoliberalismoari aurre egiteko errezeta erradikal eta eraldatzaileena.